Mogimenduz josia egon da azkenengo astea Bilbao Basketentzat, bai kirol arloan, bai bulegoetan ere.
Pasa den asteazkenean 'beltzezko gizonek' Eurocupen barruan seigarren garaipena lortu zuten Oldenburg talde alemaniarra 73-68 puntugatik garaitu ostean eta, horrenbestez, "last 32rako" txartela eskuratu zuten. Espero baino gehiago sufritu zuten Alonsorenek, izan ere, kanpotarrak joaneko partiduan baino sendoago agertu baitziren. Lehenengo laurdena eta bigarrena atzetik bukatu zuten bilbotarrek (20-23 eta 37-40 hurrenez-hurren), hirugarrenean markagailua irauli zuten, alde erosoa lortuz (64-51) eta azkenengoan hortzak estutu behar izan zituzten. Bertan izan zen saskiratzailerik nagusiena 15 puntu lortuta eta Bogris baloratuena, 9 puntu eta 14 errebote eskuratu baitzituen.
Hiru egun geroago, Fuenlabradan kale egin zuten bilbotarrek 79-75. Hervelle eta Jamesek ezin izan zuten jokatu, baina Miribillako taldea markagailua iraultzeko zorian egon zen. Lehia irregularra izan zen Alonsoren mutilen aldetik. Hannah eta Mumbru 15na puntu lortuta izan ziren saskiratzaile nagusiak taldean (amerikarra baloratuena ere). Kapitaina ligako saskiratzaile historikoen zerrendan 14. jarri da Richard Scott 'beltzezko gizon' ohia aurreratuz.
Agur James; kaixo Begic
Shawn Jamesen azkenengo lehia izan zen 'beltzezko gizon' moduan. Zurrumurruak egi bihurtu ziren eta pibotak Pireorako bidea hartu zuen, jokalariak bere klausula ordaindu baitzuen. Hemendik aurrera Olympiacosen arituko da. Bere ordez, Bilbao Basketek Mirza Begic fitxatu du. 2'16ko altuera duen esloveniarrak (bosniarra jaoitzez) ACB ligan jokatzea zer den badaki Real Madril eta Baskonian aritu baitzen. Bere ibilbidean zehar Olympija Ljubljana, Virtus Bolonia, Zalgiris eta Olympiacosen elastikoak ere defenditu ditu pibotak.
Gaur lehia Ljubljanan (19:00, etb1)
Lehiak aurrera darrai eta Eurocupen barruan 8. jardunaldian Esloveniako hiriburuan jokatuko du Bilbao Basketek. Joaneko partiduan, Olympija talde gazteak ezustekoa eman zuen joko ausarta erakutsiz. Alonsoren mutilek (Begic barne) dinamika onari eustea dute helburu.