Europan barrena bostetik bost

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko abe. 11a, 16:46
Argazkia: Union Olimpija

Olimpija Ljubljanaren gainetik pasa ziren "beltzezko gizonak" A multzoaren lidertzan jarraitzeko (63-84).

Denboraldi osoko dinamika jarraituz, sendo jokatu zuen Bilbao Basketek Miribilllatik urrun herenegun, Esloveniako hiriburuan kasu honetan. Joaneko partiduan ez bezala, Olimpiako jokalari gazteek ez zituzten bere jokoarekin bilbotarrak ezustean harrapatu.

Hutsak izan ziren norgehiagokaren protagonistak lehenengo bost minutuetan. Horien ondorioz, markagailua nahiko baxua zen (6-5). Hortik aurrera etxekoak elektronikoan aldentzeko asmoa erakutsi zuten (17-11) baina lehenengo laurdena21-19 bukatu zen.

Bigarren laurdenean, Bilbao Basketek defentsa sendotu zuen eta erasoan puntuak pilatu zituzten Alonsorenek, batez ere Bertans eta Begicen eskutik. Esloveniarrak taldeari eman ahal dionaren zertzelada batzuk erakutsi zituen. 16-29ko partziala bigarren hamar minutu horietan, aldageletara alde eroso batekin joateko (37-48).

Atsedenalditik bueltan, agian markagailuak erakusten zuen aldeak emandako lasaitasuna medio, "beltzezko gizonak" defentsan erlaxatu ziren eta, hori baliatuz, bost puntura jarri ziren etxekoak baina berriz defentsa zorroztu ostean, aldea 10 punturen bueltan ibili zen laurdena bukatu arte (52-62).

Azkenengo laurdenean aldae handitzen joan ziren kanpotarrak. Esloveniarrak presaka jokatu zuten eta horren ondorioz huts asko egin zituzten. Hori baliatuta, "beltzezko gizonek" ez zuten lehia arriskuan ikusi azkenengo hamar minutu horietan. Amaiera 63-84.

Bertans izan zen izarra Bilbao Basketen. 26 puntu lortu zituen eta 31ko balorazioa. Ruoffek 14 eskuratu zituen eta Begicek 9 bere debutean. Olimpiaren aldetik, Rupnikek 11 puntu lortu zituen, baloratuena Wrigt izanik 14 punturekin.

Datorren asteazkenean hilak 16 arratsaldeko 20:30etan (etb1) A multzoko lidertza egongo da jokoan Miribillan, Trento hartuko baitu bisitari Bilbao Basketek. Baina aurretik, igande honetan eguerdiko 13:00etan, euskal derbia izango da Bilbao Arenan Baskoniaren aurka.