Indarren batura

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko abe. 14a, 16:48

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Luzapenean erabaki zen Baskoniaren aurkako derbia. Denboraldiko bosgarren garaipena ligan bilbotarrentzat (89-83).

Bilbao Basketek Baskoniaren aurkako derbia irabazi zuen atzo Bilbao Arenan. Derbi guztietan bezala, parekotasuna, borroka eta emozioa izan ziren nagusi. 40 minutu ez ziren nahikoa izan lehiaren irabazlea erabakitzeko Valentzia eta Real Madrilen aurka gertatu bezala. Atzokoan etxekoak garaile atera ziren. Taldeko indarren batura ezbehar eta momentu estuei aurre egiteko ezinbestekoa izan zen.

Ondo hasi ziren "beltzezko gizonak" markagailuan aldeak lortuz (zortzi puntukoa handiena). Baskonia ez zen Bilbora goiz pasa etorri eta laurdena goitik amaitzeko zorian egon ziren. Alonsorenek ez zituzten hiruko jaurtiketak lortzen eta horrek ere Perasovicen taldea hurbiltzea ahalbidetu zuen. 18-17 lehenengo hamar minutuen amaieran.

Bigarren laurdenaren hasieran arabarrek lortu zuten ez markagailuan aurretik jartzea bakarrik, baita zulo txiki bat egitea ere (22-29). Estuasunetan sartuta zegoen Bilbao Basket; markagailuan atzetik, Hannahek bere hirugarren falta egin eta Raulek bere eskuin eskumuturrean kolpe latza hartu zuen (frogek zer esaten duten itxaron behar). Partidua etxekoei eskuetatik joango zitzaiela zirudienean, Mumbru eta Bertansen artean erreskadan bost hiruko sartu zituzten. Lehenengo laurdenean ez bezala, bigarrenean bai sartu ziren 6'75eko marratik jaurtitutako baloiak. Atsedenaldian Bilbao Basket bizirik mantentzen zen (37-38).

Aldageletatik bueltan, arabarrek 10 puntuko alde psikologikoa lortu zuten. Estuasunak berriz "beltzezko gizonentzat". Eta atzekoz aurrera etorrita, 52na berdintzea lortu zuten markagailua. Kasu honetan Hannah eta Suarezek hartu zuten erantzunkizuna. Laurdena bukatzeko, Baskoniak bost puntu lortu zituen, azken segundoko hiruko bat barne (52-57).

Laugarren laurdena parekatuena izan zen, berdinketa asko eman ziren eta. Nabarmentzekoa azken minutuan Miribillan bildutako 9.837 zaleek ikusi zuten joko zoroa. Jaurtiketa libreetan akatsak, erasoko errebote ugari... 20 segundoren faltan eta elektronikoak 67-69 erakusten zuenean, Bogrisek bi puntu sartu zituen Mumbruk 4'60ko marratik huts egin ostean. Bi taldeak negargarri ibili ziren jaurtiketa libreko marratik. Biek ala biek aukerak izan zituzten hortik partidua irabazteko baina arauzko 40 minutuak amaituta 70na zegoen markagailuan.

Bost minutu gehiegarrrietan Bogris greziarra izan zen etxekoen gidaria. Pibotak Bilbora heldu zenetik bere norgahiagokarik onena jokatu zuen atzokoan. "Miribilla efektuak" bere indarra jarri zuen bere jokalariak aupatzeko eta kanpotarren gain presioa jartzeko. 89-83 bilbotarrentzat azkenean.

21na puntu eskuratu zituzten Mumbru, Hannah eta Bertansek. Arestian aipatu bezala, Bogrisek lehia borobila burutu zuen, 17 puntu eta 9 errebote eskuratuta (horietatik bost erasoan).

Baskoniaren aldetik, Hanga 16 punturekin eta James 15ekin izan ziren onenak.

Larunbatean aratsaldeko 20:00etan Estudiantes hartuko du Miribilllan Bilbao Basketek ligaren barruan. Horren aurretik, bihar Bilbao Arenan arratsaldeko 20:30ean etb1eko kamarak lekuko direla, Eurocupeko A multzoko lidertzan egongo da jokoan "beltzezko gizonen" eta Trentoren arteko lehian.