Topera ez jokatzearen ondorioak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2015ko abe. 21a, 10:15

Azkenengo laurden kaxkar baten ondoren, Bilbao Basketek ez zen Estudiantes garaitzeko gai izan (85-91) larunbat arratsaldean.

Larunbateko lehia lasaia izango zelakoan hurbildu ziren zaleak Bilbao Arenara. Baskonia eta Trentoren aurkako garaipenek taldearen eta "marea beltzaren" konfiantza sendotu zituen eta arerioa (Estudiantes) ez zetorren bere momenturik onenean, partidu bakarra irabazita heltzen baitzen Miribillara.

Eta gehiegizko konfidantza horretan egon daiteke hereneguneko norgehiagokaren gakoa. Bilbao Basket ez zen aurreko bi partiduetan bezala garaipen gosez kantxaratu, indarrak gordetzen ari bailitzan. Hasieratik ikusi zen "beltzezko gizonak" lasai jokatzen ari zirela, gehiegi. Eta horrek markagailuan eragin zuen, kanpotarren hutsekin batera. 4-0 bostgarren minutuan. Diego Ocampok zuzendutako mutilek lehia berdintzea lortu zuten (Javi Salgadoren bi asistentzia medio) eta hor heldu zen etxekoen susperraldia markagailuan 12-4koa jarriz. Bazirudien lehia paurtuko zela baina ameskeria zen, 19-16 bukatu baitzen lehenengo laurdena.

19na berdindu zuten markagailua madrildarrek bigarren laurdena hasi bezain laster. Serio jarri ziren Alonsorenak, erosoa zirudien 8 puntuko aldea lortzeko (29-21). Estudiantesek ez zuen amore eman eta Jaime Fernandezen eskutik (10 puntu laurdenean) 36na berdintzea lortu zuen atsedenaldirako 2 minuturen faltan eta aurretik jartzea lortu ere (36-38). Etxekoek bi hiruko lortu zituzten markagailua iraultzeko eta madrildarren biko baten ostean, aldageletara 42-40 joan ziren.

Hirugarren laurdenean 8 puntuko errenta maximoa lortu zuten berriz "beltzezko gizonek" eta, berriz ere, bazirudien partidua apurtuko zutela etxekoek. Kanpotarrak, lehia osoan bezela, hurbiltzen eta aldentzen aritu ziren, goma baten moduan, Bertansek uztaila indartsu birrindu zuen laurdena 66-58 bukatzeko.

Eta hondamendia etorri zen azkeneko laurdenean. Azken hamar minutuetan 19-33 izan zen markagailua. Gehiegizko konfiantza. Eta baita arerioaren meritua ere, Ocampok zonakako defentsa sendoa planteatu baitzuen eta Alonsorenak ez baitziren gai izan horren aurrean ezer egiteko. Erasoan ieia barik geratu ziren eta konturatu orduko, Estudiantesek sei puntuko aldea lortuta zuen. Bilbao Bsasketek hirukoak jaurti eta jaurti ibili zen presaren presaz, partidua irabazteko ahaleginetan baina alferrik. 85-91 bukaeran eta denboraldiko seigaren porrota ligan bilbotarrentzat.

Mumbru eta Hervelle izan ziren onenak 15na puntu sartuta. Balorazioan Hannak 17 puntu lortu zituen. Fernandez izan zen Estudiantesen izarra 26 puntu lortuta.

Gbon gau besperan jokatuko du Bilbao Basketek bere hurrengo norgehiagoka Bartzelonaren aurka Palaun (20:45 teledeporte)

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga