Alemaniak oroitzapen gozoak ekarriko dizkie "beltzezko gizonei", partidu baten faltan (Bayern Munichen aurka) lurralde germanarrera egindako hiru bidaietan, bueltan beste hainbeste garaipen ekarri baitituzte eta (Bon, Oldenburg eta Ulmetik, hain zuzen).
Teneriferen aurkako porrotaren ondoren, taldeak nola erantzungo zuen zen galdera. Eta ondo baino hobeto hasi zuten lehia defentsan ondo eta erasoan txukun. Begic zonan jaun eta jabe zen, eta hori baliatu zuen Alonsoren taldeak markagailuan arazo barik agintzeko. Etxekoak elektronikoan hurbiltzen eta aldentzen ibili ziren. Lehenengo hamar minutuak bukatuta 18-25.
Bigarren laurdenean Ulmek erreakzionatu zuen jokoan zeharo hobetuz. Nahiz eta ez zuten markagailua irauli, hirutan berdintzea lortu zuten alemaniarrek (38na, 39na eta 41na). Ruoffek sarturiko hiruko baten ostean atsedenaldira hiru puntuko errentarekin iritsi ziren "beltzezko gizonek" (41-44).
Parekotasuna izan zen nagusi aldageletatik bueltan, laurden erdia arte bederen. Aldeak ez ziren handiak (beste berdinketa bat egon zen, partiduko azkena 47na), eta lehia estua joango zela zirudien. Zorionez kanpotarrentzat ez zen horrela izan. Defentsako lan handitik hasita, norgehiagoka apurtu zuten bilbotarrek. 53-71 hirugarren laurdenaren bukaeran.
Azkenengo kapituluan Bilbao Basketek ez zuen garaipena arriskuan ikusi. Aldea nahi bezala kudeatu zuen Eurocupeko last 32an lehenengo garaipena eskuratzeko (75-93).
Raul Lopezen hutsunea Tobias Borgek ondo baino hobeto bete zuen. Suediarra bueltan da hiru aste geldirik egon ostean eta, Ruoffen laguntzaz, taldea ondo antolatu zuen. Hannah 20 puntu eta 4 asistentziekin, Ruoff 19 punturekin eta Bertans 14 puntu eta 5 asistentziekin izan ziren onenak Alonsoren taldean. Etxekoen aldetik, Braunek 11 puntu sartu zituen eta 10na Guenther, Butler eta Rubitek.
Last 32ko hurrengo lehia Banvit talde turkiarraren aurka izango du Bilbao Basketek hilaren 13an arratsaldeko 20:30ean. Aurretik, igande honetan, Zaragozari egingo dio bisita. Norgehiagoka eguerdiko 13:00etan hasiko da.