Kopan egon nahi dute

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko urt. 11a, 16:11

Argazkia: ACB Photo

Nahiko sufrituta lortu zuen Bilbao Basketek atzo garaipena Zaragozan (69-71).

Bi jardunaldi geratzen dira lehenengo itzulia bukatzeko eta Koparako nortzuk saikatuko diren jakiteko. Bilbao Basketek otsailean Santiagoko zitan egon nahi du, eta atzoko lehia irabaztea ezinbestekoa zen aukerak bizirik mantentzeko. Azken aldian bezela, ia azkenengo segundora arte sufritu behar izan zuten "beltzezko gizonek" garaipena poltsikoratzeko.

Norgehiagoka hasi eta berehala markagailuan aldea hartu zuen Bilbao Basketek, 0-7. Hiruko jaurtiketetan izan ezik, jokoaren beste arlo guztietan jabe ziren kanpotarrak. Gehienezko diferentzia hamaika puntukoa izan zen Alonsoren mutilentzat. Lehenengo laurdenaren amaieran 15-22.

Bigarren laurdena boladaka igaro zen. Etxekoek lortu zuten lehenengoa elektronikoan 25-26koa jarriz. Kanpotarrek ez zuten itxaron erantzuteko ordea, zuzenean 35era joan baitziren punturik hartu barik. Hortik aurrera saskiratzeak bi aldeetan tartekatu ziren. Atsedenaldira 32-42ko markagailuarekin iritsi ziren taldeak. Alde erosoa bilbotarrentzat, ustez behintzat.

Izan ere, aldageletatik igarotzeak ez zion batere mesederik egin Bilbao Basketi, joko barik gelditu balira bezala. Noski, arerioak ere zeresana du horretan, defentsa zeharo sendotu baitzuen Zaragozak. Erasoan askoz hobeto ibili zen. Intentsitatea taldez aldatu zen. Gauzak horrela, etxekoek 19-9ko partziala lortu zuten hirugarren laurdenean, azkenengo hamar minutuak hasi baino lehen markagailua 51na jarriz.

Hori gutxi bazen, aurretik jarri ziren Casadevallen mutilek norgehiagoka bukatzeko 9:33 geratzen zirela. Suarezen hiruko bakarra eta Borgen biko batekin berriz aurretik jarri ziren kanpotarrak, baina emozioz beteriko lehia izango zela argi zegoen. Momentu beroetan funtsezkoa da hotz mantentzea, eta atzo Bilbao Basket hobeto ibili zen une horietan. Markagailua estu zegoenean Sastrek bi jaurtiketa libre hutsegin zituen eta Hervellek bere biak sartu. Erabakiorrrak izan ziren jaurtiketa horiek. Azkenean 69-71, denboraldiko zazpigarren garaipena eta Kopa jokatzeko aukerek bere horretan diraute.

20 puntu lortu zituen Hannahek, berriz ere "beltzezko gizonen" saskiratzaile nagusiena bilakatzeko. 6 asistentzia ere banatu zituen, balorazioan 27 puntu lortzeko. Berarekin batera Mumbru eta Hervelle nabarmendu ziren, 17 puntu eta 7 erreboterekin lehenengoa, 9 puntu eta 6 erreboterekin bestea. Sastre, Jelovac eta Bellas izan ziren aragoitarren artean onenak 19, 14 eta 10 puntu eskuratuta, hurrenez-hurren.

Ligako hurrengo norgehiagoka Manresan jokatuko du Bilbao Basketek datorren igandean arratsaldeko 19:00etan. Aurretik, etzi arratsaldeko 20:30ean (etb1), Bilbao Basketen jokalari ohiak diren Moerman eta Carmichaelen Banvit talde turkiarra hartuko du Miribillan Eurocupeko last 32ko bigarren jardunaldian.