Bukaerara heltzeko zortzi minuturen faltan 11 putuko errenta zuen Bilbao Basketek. Bederatzigatik galdu zuen. Aurtengo denboraldian askotan gertatzen ari den gauza da: lasai antzean doan norgehiagoka minutu gutxiren buruan galtzea. Ohitura arriskutsu bilakatzen ari da, eta ez da oso komenigarria jazotzea, are gutxiago last 32ko ligaxka labur batean.
Kanpotarrak lehenengo laurdenaren jabeak izan ziren. Guztien artean izen bat nabarmendu zen turkiarren artean: Adrien Moerman. Frantziarrak bere taldeak lorturiko 19 puntuetatik 12 sartu zituen (zalegoaren beste ezagunak, Jackie Carmichael amerikarrak, 5 puntu eskuratu zituen). Turkiarrak sendo eta bilbotarrak bidea aurkitu ezinik ibili ziren lehenengo hamar minutu horietan (16-19).
Alonsoren mutilek jaurtiketan zehaztasuna hobetu zuten bigarren laurdenean. "Beltzezko gizoek" markagailua iraultzea lortu zuten joko erasokor eta alai bat erakutsiz. Gainera turkiarrak ez ziren lehenengo laurdenean bezain fin ibili. Atsedenaldian 44-36 etxekoen alde.
Aldageletatik bueltan, Alonsorenek 13 untuko errenta lortu zuten (49-36). Defentsa sendoa erabili zuten aurkaria hiru minutuz saskiratu barik utziz. Dena den, susperraldia etorri zen kanpotarren aldetik, hiru puntura jarri baitziren, 53-50, Begicen lesioak (eslobeniarrak ezker eskumuturrean min hartu zuen) bilbotarren errotazioan eragindako kaltea aprobetxatuz. Talde bilbotarrak partiduaren kontrola bereganatu zuen berriz, laurdenaren amaieran elektronikoan 61-53koa jarriz.
Eta, beste behin, garaipena Bilbon geratuko zela zirudienean, gainbehera. 64-53koa zen markagailua; kudeatzeko alde erosoa, hamar puntuko "hesi psikologikoa" deritzona gaindituta eta zortzi minutu jokatzeke. Apurka-apurka, turkiarrak elektronikoan hurbiltzen ari ziren eta, lehia amaitzeko 1:23 minutu geratzen zenean, aurretik jatzea lortu zuten, 74-75. Presaren presaz aritu beharrak bilbotarrei kalte handia egin zien; ez ziren lehiatzeko gai izan. Bederatzi puntuko aldea amaieran (76-85, 15-32 laurdenean).
15 puntu sartuta eta 13ko balorazioarekin Bertans izan zen Bilbao Basketen onena atzoko partiduan. Berarekin batera, Bogris eta Ruoff nabarmendu ziren, bakoitzak 10na puntu lortuta. Turkiarren aldetik, Moerman 25 puntu eskuratuta (30eko balorazioa) besteen gainetik nabarmendu zen. Berarengandik urrun, 12 punturekin Fortson eta Simmonsek ere lehia txukuna jokatu zuten.
Bayern Munichen aurkako norgehiagokak final kutsua hartu du, last 32ko ligaxkako lehen itzuliko azken partidua delako eta txapelketako final zortzirenetarako pasea erdi erabakita geratu daitekeelako. Ikusi beharra dago atzoko "basket averagea" erabakiorra izan daitekeen ala ez. Alemaniarren aurkako lehia hilaren 20an izango da Bilbao Arenan 20:45ean (etb1). Aurretik, igande honetan, "beltzezko gizonek" 19:00etan Manresan dute hitzordua, Coruñan (eta ez Santiagon aurreko kronikan esan bezala; barkamena eskatu beharrean nago akats horrengatik) Kopa jokatzeko lekua bermatzeko.