Garaipen garrantzitsua aste erabakior baten atarian

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko urt. 18a, 10:15

Argazkia: ACB Photo

Kopa jokatzeko aukera guztiak mantentzen ditu Bilbao Basketek atzo Manresa garaitu ostean (67-72).

Urtero duen helburu bat lortzeko aukerak ditu oriandik Bilbao Basketek Manresan irabazi ostean. Sailkapenean zortzigarren dago eta, normalean postu horrek Koparako txartel bat eman arren, aurten ez da horrela, Obradoiro ("beltzezko gizonen" hurrengo aurkaria) saikaturik dagoelako anfitrioi gisa nahiz eta taulan hamaikagarren egon. Argiago esateko, zazpigarren postua behar du talde bilbotarrrak otsailaren 18 eta 21 artean Coruñan egoteko.

Lehia estua izan zen atzokoa Nou Congost pabilioian; korapilatsua eta azken momentua arte erabaki ez zena. Lehenengo laurdenean kanpotarrek 7 puntuko aldea hartu zuten elektronikoan (10-17) jaurtiketetan asmatu baitzuten. Dena den, Manresak ez zuen amore eman eta Ibon Navarrok (Baskoniako entrenatzaile ohia) zuzenduriko mutilek laurdenaren amaierarako aldea murriztua zuten, 15-19.

Etxeko taldeak barneko jokoari garrantzia eman zion bigarren laurdenean Muslirekin jokatuz. Pibotak bere altuera eta Begic ez egotea aprobetxatu zuen zonan jaun eta jabe izateko. "Beltzezko gizonak" aldea mantentzen saiatzen ziren arren, etxekoek markagailuari buelta ematea lortu zuten, errenta txikia lortuz gainera. Atsedenadian 41-36.

Aldageletatik bueltan etxekoak hoztuta gelditu ziren, denboraldi honetan maiz Bilbao Basketi gertatu zaion moduan. Hori baliatu zuen Alonsoren taldeak sei minututan 0-11ko partziala lortzeko, partidua erabakitzeko nahikoa izan ez bazen ere. Laurdenaren amaieran 51-54.

Arestian aipatu moduan, azkenengo momentua arte parekotasuna izan zen nagusi. Kanpotarrek sei puntuko aldea lortu zuten arren, Montañez "beltzezko gizon" ohiak norgehiagoka berdindu zuen bukaerara heltzeko lau minuturen faltan. Emozioa gorenean zegoen, are gehiago minutu eta erdiren faltan Bogris 5 falta eginda partidutik kanpo geratu zenean. Puntu bateko errenta zuen bere taldeak. Atzoko amaiera estuan bilbotarrek lasai jokatu zuten, erabaki zuzenak hartuz. Askotan gertatzen den legez, jaurtiketa libreek erabaki zuten partidua. Amaieran 67-72 "beltzezko gizonen" alde.

Bertans izan zen Bilbao Basketen saskiratzailerik nagusiena. Letoniarrak 18 puntu eskuratu zituen. Berarekin batera, Hannah (13 puntu, 5 errebote, 4 asistentzia eta baloratuena 20 punturekin) eta Mumbru (13 puntu, 9 errebote) nabarmendu ziren. Kapitainak gainera, atzo jokaturiko minutuekin 12. jarri da minuturik gehien jokatu dutenen arteko sailkapenean. Ibon Navarroren mutilen artean Musli, 20 puntu eta 10 errebote lortuta, izan zen onena.

Bilbao Basketen etorkizun hurbila zein izango den jakiteko aste erabakiorra da. Etzi gaueko 20:45ean (etb1) Bayern Munich taldea hartuko du Miribillan Eurocupeko last 32ko hirugarren jardunaldian. Pasa den asteko atzera pausuaren ostean asteazkeneko partiduak espero zen baino garrantzi handiagoa hartu du. Eta igandean eguerdiko 12:30ean hasieran aipatu moduan Koparako hil ala bizikoa den lehia jokatuko dute Alonsorenek Obradoiroren aurka.