Koparako txartela patrikan

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko urt. 25a, 08:49

17 hiruko sartuta (errekor historikoa berdinduz) lortu zuen atzo Bilbao Basketek garaipena Obradoiro borrokalari baten kontra.

Denboraldiko lehen helburua lortu zuen Bilbao Basketek atzo eguerian Bilbao Arenan Obradoiro menderatu ostean eta beste kantxetan gertatutakoa baliatuz. "Beltzezko gizonek" lan handia egin behar izan zuten ligan bederatzigarren garaipena lortzeko (hirugarrena erreskadan).

Lehenego laurdenean 6'75 metroko marraz atzeko jaurtiketak izan ziren protagonistak kantxaren bi aldeetan, talde bakoitzak lau saskiratu baitzituen. Elektronikoak 16-17 erakusten zuenena, Sito Alonsok Raul eta Bogris kantxaratu zituen eta hortik aurrera jokoa lasaiagoa izan zen eta talde bilbotarrak aldea hartu zuen markagailuan. Lehenengo hamar minutuen amaieran 27-23.

Bigarren laurdenean bilbotarrek defentsa sendotu zuten. Moncho Fernandezen taldeak ezin zuen eroso jokatu eta erasoan kamuts ibili ziren galiziarrak (12puntu besterik ez laurdenean). Aldiz "beltzezko gizonak" lehenengo hamar minutuetan bezela jaurtiketetan asmatzen jarraitzen zuten eta, ondorioz, markagaiuan aldea handituz. Borgek azken segunduan lortutako hiruko batekin 18 puntuko aldearekin joan ziren aldageletara (53-35). Zaleak pozez zoratzen, jakinda beste kantxetako emaitzek laguntzen zutela ere.

Atsedenaldiaren ostean Bilbao Basketek 23 puntura zabaldu zuen markagailuko zuloa eta bazirudien eguerdi lasaia izango zutela eta 9432 ikusleez osaturiko "marea beltzak" gozatzeko aukera izango zuela. Baina denborladian zehar sarri gertatzen ari den moduan, aldea murrizten joan ziren galiziarrak McGrath eta Waczynskiren eskutik batez ere. Bi jokalariak kanpotarren erantzunkizuna hartu zuten. Fernandezen mutilek lehenengo zatian izan ez zuten sendotasuna erakutsi zuten eta apurka-apurka markagailuan hurbiltzen joan ziren hirugarren laurdenaren amaieran 69-56.

Jokoaren dinamika galiziarren aldekoa zen eta norgehiagoka bukatzeko 6:27ren faltan hamar puntuko horma psikologikoa apurtu zuten kanpotarrek, zortzi puntura jarri baitziren. Harmailetan ezinegona handiagotzen zen aldea 6 putura murriztu zenean bukaerarako 3:21ren faltan (78-72); baina atzokoan azken minutuak patxadaz jokatu zituzten "beltzezko gizonek". Amaieran 88-83 eta Bilbao Basket otsailaren 18tik 21era A Koruñan egongo da Valentzia, Bartzelona, Baskonia, Real Madril, Kanaria Handia, Obradoiro eta ezustekoa eman duen Fuenlabradarekin batera. Talde madrildarrak Unicaja Malaga Kopatik at utzi baitu.

17 hiruko lortu zituzten "beltzezko gizonek" atzokoan, 2006an Fuenlabradaren aurka lorturiko errekorra berdinduz: Hannahk 10etik 6; Mumbruk 6tik 4; Borgek 4tik 3; Bertansek 7tik 2 eta Ruoffek 2tik 1. Taldeko kapitaina izan zen onena 24 puntu lortuta (30 balorazioan). Berarekin batera Hannah 18rekin eta Borg 12rekin nabarmendu ziren. Talde galiziarrean berriz, McGrath eta Waczynski izan ziren izarrak 20 eta 19 puntu eskuratuz hurrenez-hurren.

Ligak aurrera darrai eta Valentzia izango du hurrengo aurkaria Bilbao Basketek Turkiako hiriburuan. Norgehiagoka datorren igandean izango da arratsaldeko 19:30etan. Aurretik, Eurocupko last 32aren barruan, Munichen jokatuko du Sito Alonsoren taldeak asteazkenean arratsaldeko 20:00etan (etb1).

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga