"Zazpitik zazpi etxetik kanpo, horietatik lautik lau Alemanian". Horrela dio Alex Suarezek sare sozial desberdinetan igo duen Borg eta Todorovicekin batera agertzen den argazkiaren mezuak. Bilbao Arenatik urrun bikain dabil Eurocupen taldea.
Sutan hasi dute bart bilbotarrek lehia. Bertansen bi hiruko, Todorovicen birrintzea eta Mumbruren biko bat hiru minututan 1-10eko markagailua ezartzeko. Ikaragarrizko hasiera. Pesic hutsarte bat eskatzera behartuta egon da "beltzezko gizonen" jokoa eteteko eta euren ideiak argitzeko. Eta alemaniarrrak suspertu dira. Defentsa sendoa ezarriz, euren jokoa egin dute eta laurdena goitik bukatu dute, 21-17.
Bigarren laurdena aurrekoa amaitu den bezala hasi da; etxekoak ondo eta Alonsorenak bidea aurkitu ezinik. Mumbru eta Bertansek hartu dute taldearen erantzunkizuna eta euren gidaritzapean talde bilbotarraren erreakzioa etorri da, bat-batekoa izan ez den arren. Aldageletara joateko 1:16 geratzen zela, markagailua 37na berdintzea lortu dute kanpotarrek. Laurdena 41-40 bukatu da.
Atsedenalditik bueltan, joko ezin hobea erakutsi zuen Bilbao Basketek. Berezko dituen ezaugarriak agertu dira: defentsa sendoa eta itentsitatea. Hortik ateratzen ditu Sito Alonsoren kuadrillak onurak. Eta baita atera ere. Bigarren laurdenean bezala, kapitainak eta Bertansek taldea gidatu dute, markagailua irauli arte. Hirugarren laurdenaren amaieran elektronikoak 56-64 erakusten zuen.
Azkenengo laurdenean, Alonsok "bigarren unitatea" kantxaratu du. Eta jokalarien erantzuna aparta izan da. Azken aldian desagertuta ibili den Dejan Todorovic eta Hervelle fin ibili dira eta, ondorioz, partidua amaitzeko bost minutu eta erdiren faltan hamabi puntukoa zen errenta "beltzezko gizonentzat". Hor hasi dira alemaniarrak berriz jo ta su lehia apurtu ez zedin. Ez dute amore eman eta Euroliga jokatzen zergatik ibili diren demostratu dute. Lau hiruko sartuta eta, beste behin, aurkaria itoz, 84na berdindu dute markagailua bukaerarako 39 segundo gelditzen zirenean. Mumbruren saskiratze batek eta Bertansek sarturiko jaurtiketa libreek garaipena eman diote talde bilbotarrari (88-90) last32an bizirik irauteko.
Bertans eta Mumbru. Mubru eta Bertans. Norgehiagokaren izen propiak. Letoniarrak 24 puntu lortu ditu eta kapitainak 22 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia. Baina ez dira bakarrik egon, eurekin batera Hervelle, Bogris, Todorovic eta Suarezek ere lan handia egin dutelako (10 puntu belgikarrak, 9 puntu eta 10 errebote greziarrak eta azkenengo biek 8na puntu lortuta). Bayernen aldetik, Renfroe, Zipser eta Cobbs izan dira onenak 23, 22 eta 13 puntu lortuta, hurrenez-hurren.
Last32ko bostgarren jardunaldian Ulm izango du bisitari Bilbao Basketek datorren asteazkenean arratsaldeko 20:30ean. Aurretik, igandean Ligan oraindik galdu ez duen Valentziari egingo dio bisita Alonsoren taldeak. Norgehiagoka arratsaldeko 19:30ean hasiko da.