Kolpe latza

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko ots. 2a, 08:00

Valentziak ez zuen gupidarik izan eta Bilbao Basket jipoitu zuen (85-49) igandean, urtarrilak 31.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esaten da askotan. Igandean Fontetan gertatutakoa markagailuak erakusten du argi eta garbi. Txapelketako lider sendoak ez zuen inolako arazorik izan Bilbao Basket aise garaitzeko. Momentu gozoan jarraitzen du Pedro Martinezen taldeak; dena aterazen zaio. Gainera, aurkariak denboraldiko partidurik txarrena jokatu zuela gehitzen badiogu, etxekoentzat neurrira egindako gidoia izan zen atzokoa.

Hasi bezain laster 11-2ko partziala. Sito Alonso egoera konpontzen saiatu zen hutsartea eskatuz eta Raul eta Mumbru kantxaratuz. Alferrikakoa, laurdena 26-10eko aldearekin bukatu baitzen. Bigarren laurdena ildo beretik joan zen. "Beltzezko gizonak" ezinean eta talde "taronja" bere jokoa erakutsiz. Atsedenaldirako (lehenego hamar minutuetan ez bazegoen jada) norgehiagoka apurtu zuten etxekoek: 43-18. 

Bigarren zatian duintasuna ez galtzen saiatu zen eta Mumbruk eta Hannahek hartu zuten erantzukizuna. Nahiz eta aldea murriztu zuten, zuloa nabarmena zen; gaindiezina. Valentziak nahi zuen eran kontrolatzen zuen jokoaren erritmoa. Eta berriz %100ean jokatzea erabaki zutenean, 30 puntuko aldea hartu zuten (66-36 hirugarren laurdenaren amaieran).

Pedro Martinezek gutxien erabiltzen dituen jokalariak kantxaratu zituen azkenengo laurdenean. Eta hauen goseak ez zion mesederik egin Bilbao Basketi, etxekoek aldea areagotzea lortu zutelako Steffanson, Shurna, Sato eta Triasen eskutik. Ahaztekoa izan zen urtarrileko azken igandeko arratsaldean: Valentzia Basket 85 Bilbao Basket 49.

Hanna eta Bogris izan ziren onenak. Amerikarrak 12 puntu sartu zituen eta greziarrak 10 puntu eta 7 errebote eskuratu zituen. Valentzian Vives, Djuljevic eta Diot nabarmendu ziren, 17 punturekin lehena eta 13na punturekin beste biak.

Igandean eguerdiko, otsailak 7ko 12:30etan Murtzia hartuko du Bilbao Basket Miribillan. Aurretik, biha, asteazkena, Ulm izango da "beltzezko gizonen" arerioa Bilbao Arenan arratsaldeko 20:30etan (etb1). Atzoko jipoia lehen bait lehen ahazteko eta konfiantza berreskuratzeko parada egokia dirudi alemaniarren aurkako partidua eta baita, last 32ko azken jardunaldira final zortzirenetara igarotzeko aukerak mantentzeko funtsezkoa. 

 

Argazkia: ACB Photo