Bilbao Arenan bildutako 9.142 zaleek eguerdi lasaia izan zuten atzokoan eta euren taldearen garaipen erosoa ikusteko parada izan zuten eta, era berean, "beltzezko gizonek" pasa den asteko Valentziaren aurka gertatutakoa egun txar baten ondorioa izan zela erakutsi zuten.
Defentsa zorrotz batean oinarrituta, partidua hasieratik apurtu zuten etxekoek. 14-3ko partziala lortu zuten eta hortik aurrera errenta kudeatzen ibili ziren Sito Alonsorenek. Lehenengo laurdena bukatuta, 14 puntukoa zen aldea markagailuan (28-14).
Katsikarisen taldearen erreakzioa bigarren laurdenean etorri zen. Bost minututan 16 puntu sartu zituzten, sei bakarrik hartuta. 34-30 elektronikoan. Murtziarrak lehian sartu ziren berriz. Bertans eta Mumbruk hartu zuten momentu hartan erantzunkizuna eta "beltzezko gizonek" bi zenbakiko errenta lortzea lortu zuten berriz. Atsedenaldian 49-39 etxekoen alde.
Aldageletatik bueltan Hannah eta Wooden arteko lehia pertsonala izan zen nagusi, hiruko marratik batez ere. Gehienez zazpi puntura hurbildu ziren kanpotarrak, baina Alonsorenek atzokoan ez zuten garaipena alde egiten utzi nahi. 15 puntuko aldea egon zen elektronikoan momentu batean (64-49), eta laurdena bukatuta, hamabi puntukoa zen, 68-56.
Alonsoren mutilak saiatu ziren lehenengo itzuliko basket-average-a berdintzen (28 puntuko aldea) baina ezinezkoa izan zen, Katsikarisek prestatu zuen zonakako defentsak ekiditu zuelako. Dena den, partiduak ez zuen historia handirik jada; garaipena Bilbon geratuko zela argi zegoen. Amaieran 90-79, eta denboraldiko hamargarrena poltsikora.
Mumbruk ez zuen jaurtiketarik huts egin atzokoan. Bera izan zen taldeko saskiratzailerik nagusiena 17 punturekin eta baloratuena 28rekin (4 errebote hartu eta 4 asistentzia banatu zituen). Kapitainarekin batera, Bogris (14 puntu, 8 errebote), Hannah (13 puntu, 4 asistentzia) eta Todorovic (12 puntu) nabarmendu behar dira. Katsikarisen taldean Wood, Faverani eta Campazzo izan ziren onenak, 19, 17 eta 14 punturekin, hurrenez-hurren.
Ligako hurrengo partidua igandean arratsaldeko 19:30ean izango da Kanaria Handiaren aurka irlan. Baina horren aurretik, etzi tentsioz beteriko lehia jokatu behar dute "beltzezko gizonek". Turkian, arratsaldeko 18:00etan (etb1) Eurocupen jarraitzeko txartelaren bila lehiatuko da Bilbao Basket Banvit Bandirmaren aurka.