Europako abenturari agur

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko ots. 11a, 08:00

Azken 3:58 minutuetan Banvitek lorturiko 16-8ko partziala erabakiorra izan da (73-65).

Eurocupen etxetik kanpoko lehia guztiak irabazita heltzan zen atzo Bilbao Basket Banvit Bandirmaren kantxara asteartean 14 orduko bidai amaigabe bat egin ondoren (bi hegazkin, bi autobus eta ferry bat hartu behar izan zituzten "beltzezko gizonek"). Ezin izan zioten bolada on horri jarraipena eman atzo arratsaldean eta, hortaz, Eurocupetik at geratu dira.

Tentsioa goren-gorenean zegoen; erantzukizuna oso handia zen, ez zegoen akatsetarako tarterik. Eta horren eraginez, konturatu orduko, bilbotarrak 9-3 galtzen zihoazen. Defentsa zorroztu eta erreboteak kontrolatu ostean, 14na berdindu zuten markagailua. Dena den, laurdena 19-14 bukatu zen etxekoen alde.

Zuloa handitu zuten turkiarrek bigarren laurdenaren hasieran. 26-14 jarri ziren eta lehia apurtzear zegoela zirudien. Lau minutu luze ego ziren Alonsorenak saskiratu barik. Behin hori apurtuta, aldea txikitzea lortu zuten. Hiru puntura jarri ziren (26-23) eta ez zutela errez amore emango erakutsi zuten. Etxekoak bere horretan jarraitu zuten, aurkaria baino lasaiago jokatzen eta, ondorioz, atsedenaldira 34-27koarekin heldu ziren.

Aldageletatik bueltan, norgehiagoka joan-etorrikoa bilakatu zen. Bi saskietan puntuak pilatu zituzten bi taldeek. Urduritasuna albo batera utzita, Bilbao Basketek laurden oso ona jokatu zuen, markagailua iraultzea lortuz eta, berandu izan arren, partiduan sartu zirela zirudien. Azken laurdena hasi baino lehen 50-52koa zen markagailua.

Dena erabakitzeke zegoen eta hasierako tentsioak giroan jarriatzen zuen. Lau minuturen faltan 57nako berdinketarekin heldu ziren. Hutsarte baten ondoren etorri zen "beltzezko gizonen" gainbehera. Turkiarrek erreskadan lau akzio positibo lortu zituzten eta horrek Bilbao Basket presaka jokatzera eraman zuen. Jaurtiketetan ez ziren batere fin ibili bilbotarrak eta azkenean final zortzirenetan egoteko aukera eskapatu zen, 73-65.

Hannah, Bogris eta Mumbru nabarmendu ziren partidan. Amerikarrak 14 puntu lortuta, greziarrak 12 puntu, 10 errebote eta 4 asistentzia lortu zituzten eta kapitainak 11 puntu eta 4 errebote. Turkiarren aldetik Fortson, Johnson eta Moerman izan ziren onenak 24, 18 eta 11 punturekin hurrenez-hurren.

Ligan buru belarri aritu beharra dute orain bilbotarrek (datorren astean Kopa jokatu aurretik). Igandean Kanaria Handira joango dira 19:30etan ligako 20. jardunaldiko lehia jokatzeko.

 

Argazkia: Banvit Bandirma