Apostu guztiak apurtuz

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko ots. 19a, 07:30

Bilbao Basket finalerdietara sailkatu da bere historian bigarrenez Bartzelonari irabazi ostean (72-73).

Bilbao Basketek balentria lortu zuen atzo Kopa irabazteko faboritoetako bat kaleratuta. Bilbotarrak bere historian bigarrenez egongo dira txapelketako final erdietan. Aurrekoan ere talde kataluniarra kanpoan utzi zuten (2008an Gasteizen). Defentsa izan da garaipenaren gakoa.

Galiziara denbora pasa joan ez direla erakutsi dute "beltzezko gizonek" hasieratik Hervellen gidaritzapean (11 puntu lehenengo 6 minutuetan) markagailuan aldea hartzea lortu zuten. Diferentzia lau-bost puntu bitartean ibili zen lehenengo laurdenean. Lehenengo hamar minutuak bukatuta, 18-20 bilbotarren alde.

Norgehiagokak ildo beretik jarraitu zuen. Bartzelona markagailuan hurbiltzen zen baina ezin markagailuan aurrea hartu. Defentsa zorrotza erabili zuen Alonsoren taldeak eta erasoan txukun ibili ziren. Bigarren laurdenean 8 puntuko abantaila lortu zuen talde bilbotarrak momentu batez, baina Pascualen taldeak atsedenaldira joateko gutxi falta zela erreakzionatu eta aldea ia guztiz jan zien. Bertansenek bi gehi batekoan bost puntuko aldea ezarri zuen elektronikoan segundu batzuen faltan eta aldageletarako bidea hartu baino lehenagoko azken jokaldian Arroyok aldea hiru puntutan utzi zuen, 37-40.

Berriz kantzaratu ostean, Bartzelonak hobeto hasi zuen hirugarren laurdena, markgailua irauliz (43-42, bigarren minutuan). Saskiratzeak bi zonetan tartekatu ziren hortik aurrera. Emozioa eta berdintasuna nagusi ziren kantxan. Markagailuak argi isladatu zuen, azken laurdena hastear zela 55nako berdinketa erakusten baitzuen.

Hamar minutu erabakiorretan Bilbao Basketek hobeto kontrolatu zuen jokoaren erritmoa. Bartzeloank hiru puntuko abantaila hartu zuen elektronikoan, baina 0-8ko partzial batek ezustekoa errealitate bihurtzeko zorian jartzen zuen (66-71). Ribasek biko bat sartu du eta Mumbruk bi jaurtiketa libre sartuz, 68-73ra jarri zuen markagailua lehia bukatzeko 44 segunduren faltan. Olesonek hiruko bat sartuz bere taldea bi puntura jartzen zuen. Hurrengo erasoan kale egin zuten bilbotarrek eta Slezasi kirolez kontrako falta bat adierazi zioten. Tomicek norgehiagoka berdintzeko aukera zuen 3'2 segunduren faltan. Lehenengo jaurtiketa librea sartu zuen baina bigarrena ez. Posesioa kataluniarrena zen kirolez kontrako faltaren ondorioz; irabazteko jokaldia izan zuten baina Mumbruk baloia lapurtu eta pozak eztanda egin zuen A Koruñako Coliseumean zeuden "marea beltza" osatzen zuten zaleen artean eta jokalarien artean ere.

Bilbao Basketek apostu guztiak apurtu ditu eta larunbatean Kanaria Handiaren aurka lehiatuko da (amaitu berri den partiduan Valentzia ligako liderra kanporatu du). Jokoan igandeko finalerako txartel bat.

Alex Ruoff izan zen atzoko heroi nagusia "beltzezko gizonen" artean. Amerikarrak denboraldiko partidurik onena jokatu zuen, 18 puntu eta 21eko balorazioa lortuz. Berarekin batera, Hervelle (15 puntu) eta Mumbru (12 puntu) nabarmendu ziren. Xavi Pascualen mutilen artean, Oleson 14 punturekin (seitik lau hiruko jaurtiketetan) eta Doellman 11 punturekin izan ziren onenak.

Arestian aipatu moduan, ligako azken jardunaldiko norgehiagoka errepiatuko da, Alonsorenek Kanaria Handiaren aurka neurtuko dituztelako indarrak. Leha arratsaldeko 19:00etan izango da (La1)