Presioaren pisua

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko ots. 21a, 13:42

Argazkia: ACB Photo

19 puntuko errenta izan arren, Bilbao Basketek ez zuen lehia irabazi (71-81).

Osteguneko balentriaren ostean, euforia zen nagusi Bilbao Basketen zaleen artean. Kopako finalera heltzea ezinezkoa izatetik errealitate bihurtzera pasa zen. Ilusio hori, jokalari eta teknikoengana iritsi zen eta, adierazpenetan oinak lurrean izateko deia egin arren, barnean azken norgehiagokara iristea inoiz baino hurbilago zegoela guztien buruan zegoen. Taldearen inguruan sortutako ilusio handi hori presio bilakatzen da, jokalariak eurengan jarritako konfiantza eta babesa modurik onenean bueltatu nahi dutelako. Inork ezer esan barik euren gain hartzen duten erantzunkizuna da; pisu handia duen erantzunkizuna.

Denboraldian zehar gehiegitan gertatu den moduan, atzo A Koruñako Coliseumeko kantxan berriz goitik beherako ibilibidea egin zuten "beltzezko gizonek". Lehenengo zatian defentsa sendo eta zorrotzean oinarrituz, partidua kontrolpean eduki zuten Sito Alonsorenek. Hannah, Mumbru, Bogris eta Bertansek taldearen gidariak ziren eta eroso zeuden kantxan. Kanaria Handia saiatzen zen partiduan sartzen baina ezinean ibili ziren (12 baloi galdu zituzten Aito Garcia Renesesen mutilek). Gauzak horrela atsedenaldira hamabi puntuko errenta erosoa zuten "beltzezko gizonek" (46-34).

Dinamika berdinarekin jarraitu zuen lehiak aldageletatik bueltatu ondoren. Bilbao Basket jaun eta jabe, norgehiagokaren 27. minutuan 19 puntuko aldea zuen markagailuan. Fina hatzamar puntekin ikutzen zuten jada. Bertigoa, presioa, erantzunkizuna... zama jokalarien gorputzetan. Eta baita Kanaria Handiak une hori arte sartu ez zituen baloiak saskiratzen hasi zela ere. Batez ere Oliverren gidaritzapean apurka-apurka elektronikoan hurbiltzen hasi ziren "horiek".

Markagailua iraultzea posible zela sinistu zuten kanariarrek azken laurdena hastear zegoela 55-47 erakusten baitzuten pantailek. Baita lortu ere. Hori gutxi ez balitz, azkenean errenta handia lortu zuten Garcia Renesesen mutilek, hamar puntukoa (71-81). Norgehiagokaren azken ordu laurdenean partziala 16-45koa izan zen. Finala jokatzeko nahia amesgaizto bilkatu zen.

Hannah (20 puntu), Mumbru (17 puntu), Bertans (13 puntu, 4 errebote) eta Bogris (8 puntu, 6 errebote) nabarmendu ziren "beltzezko gizonen" artean. Oliver, Salin eta Baez izan ziren "horien" onenak, 18, 12 eta 10 punturekin hurrenez-hurren. 

Kopa iragana da eta Europatik at gelditu ostean, liga da Bilbao Basketek duen txapelketa bakarra. Hurrengo lehia Bilbao Arenan izango da eguerdiko 12:30ean Andorraren kontra.