Bide onean iragana ahaztuz

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko mar. 1a, 11:30

Igande eguerdian Bilbao Basketek play-offetarako txartel bat eskuratzeko arerio zuzena den Andorra garaitu zuen (83-72).

Aurreko asteak ez ziren batere goxoak izan Bilbao Basketentzat. Lehenengo Eurocupetik at geratu zen eta Kopan Bartzelonaren aurka irabazita apostu guztiak apurtu ostean, Kanaria Handiaren aurka galdu zuen, lehian 27 minutuz menderatu ostean. Horrek jokalarien animoetan ondorio txarrak izan zitzakeen. Baina herenegun, iragana ahaztu behar dela erakutsi zuten "beltzezko gizonek".

Izan ere igandean Andorra hartzen zuten bisitari Bilbao Arenan, zortzi onenen artean sartzeko txartel bat eskuratzeko arerio zuzena. Eta partidua hasi aurretik espero zen parekotasuna kantxan isladatu zen. Lehenengo laurdenaren erdialdea igarota, elektronikoak 10-9koa erakusten zuen. Hervellen hiruko batek eta Mumbruren erreskadan lorturiko 7 punturekin, etxeko taldeak alde txiki bat lortu zuen, zazpi puntukoa konkretuki. Diferentzia horrekin heldu ziren taldeak lehenengo hamar minutuen amaierara. 

Bigarren laurdenean gauzak ez ziren berdinak izan. Andorrakoak, Shermadini eta Betinhoren eskutik lehian sartu ziren. Alonsoren mutilak ez zeuden batere eroso kantxan eta hori baliatu zuten Peñarroyarenek markagailua iraultzeko, atsedenaldira heltzeko minutu bat baino gitxago gelditzen zela. Hannah eta Ruoffen bi saskiratzeen ondoren, Bilbao Basket aurretik joan zen aldageletara (41-38).

Defentsa zorroztu zuten "beltzezko gizonek" hirugarren laurdenean. Horren ondorioz, errenta erosoak lortzen hasi ziren berriro (bederatzi-hamar punturen bueltan). Kanpotarrek ez zuten lehia galdutzat eman eta lehian jarraitzea zuten helburu. Azken laurdena hasi baino lehen, markagailuakak 57-50 erakusten zuen.

5-0eko partzial batekin hasi ziren azkenengo hamar minutuak eta bazirudien garaipenak ez zuela Miribillatik alde egingo, batez ere norgehiagoka bukatzeko hiru minuturen faltan aldea 14 puntukoa zenean (75-61). Baina saskibaloian ez dago ezinezkorik eta kanpotarrek 0-6ko partziala lortu zuten, etxekoen artean zalantzak sortaraziz (jokalari zein zaleen artean). Hervelle eta Hannah agertu ziren horiek guztiak aldentzeko. Partidua Mumbruren hiruko batekin itxi zen (83-72) eta honenbestez, Bilbao Basketek 11. garaipena erdietsi zuen ligan.

Hannah, Mumbru eta Hervelle izan ziren jokalari onenak. Amerikarra 20 puntu eta 7 asistentziarekin eta 16na punturekin beste biak (kapitainak gainera 4 asistentzia banatu zituen eta belgikarrak 5 errebote hartu). Slezasen lana ere goraipatu beharra dago, lituaniarrak 7 errebote hartu baitzituen (horietatik 6 defentsan, zonan intimidazioa sortzen duela erakutsiz). Gomes, Holt eta Shermadini nabarmendu ziren Andorran. Lehenengo biak 14na puntu lortuta (8 errebote eskuratuta lehenak) eta azkenak 10 puntu eta 7 erreboterekin.

Euskal derbia izango dugu ACBko 22. jardunaldian. Gasteizen izango da Baskonia eta Bilbao Basketen arteko partida arratsaldeko 19:30etan.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga