Aztiaren magia bukatzear dago

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko mar. 4a, 10:45

Viceko semeak denboraldia bukatzerakoan bere ibilbide profesionalari amaiera emango dio.

Raul Lopezek jokatzeari utziko dio denboraldi amaieran. Atzo eguerdian jakitera eman zuen Bilbao Basketek bere sare sozialetan. Pasa den udan kontratua urte batez soilik luzatu zuenean, bere azken urtea izango zela esaten zuten zurrumurruek. Baina nahiz eta hori jakin, atzo berria irakurri ondoren pena apur bat sentitu nuen (eta askok eta askok berdin, ikusita zenbatek txiokatu zuten). Betiko jokatzen ikusi genezakeen jokalari horietakoa da Raul Lopez.

Hamaika izan dira 31 zenbakidunak emandako momentu magikoak: azken segunduko saskiratzeak (Euroligan garaipena lortzeko Montepaschi Sienaren aurkakoa, edota Eurocupen Dinamo Sassariren kontra luzapena behartzeko defentsako hiruko marratik sartutako baloia adibidez), asistentzia ederrak, taldeak behar zuen sosegua momentu beroetan... Segundu gutxitan jokaldia aztertu, ulertu eta erabakiak hartzen dituen antolatzaile petoa da Vicekoa. Talde guztiek euren jokalarien artean izan nahiko zuten horietakoa. Munduko talde onenak bere atzean izateko jokalari mota. Eta, egiari zor (eta berekoitasun puntu bat erakutsiz) bere ibilbidean zehar izandako lesioengatik amaitu zuen "beltzezko gizon" izaten. Bere belaun eta orkatilak sarritan (eta modu larrian batzuetan) mindu ditu bere karreran zehar eta horrregatik izan ez balitz, seguru nago NBAn jarraituko zuela. Talentua erakutsi du kataluniarrak bere debutetik (18 urte egin berri zituela Joventuten elastikoarekin gaur CB Sevilla moduan ezagutzen dugun Caja San Fernandoren aurka) eta zortea izan dugu gure taldearen mesedetan erabili dituelako saskibaloirako berezko dituen doai horiek.

13 norgehiagoka geratzen zaizikio Raul Lopezi jokatzeko (horietatik 6 Miribillan). Duen guztia emango du taldea laguntzeko  eta play-offetan sartzeko seguru. "Marea beltza" osatzen dugunok bere magiaz gozatzen jarraituko genuke Bilbao Basket zortzi onenen artean sailkatzen baldin bada.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga