Bide onera bueltatu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko mar. 21a, 10:00

Azken norgehiagoketan izan ez zuten intentsitatea erabili behar izan zuten "beltzezko gizonek" larunbatean, Gipuzkoa Basket euskal derbian garaitzeko (80-71).

Sito Alonsoren prentsaurrekoetan idei bat errepikatzen da beti, taldearentzat ezinbestekoa dena: nortasuna, jokatzeko era bat, partiduak irabazteko ezinbestekoa dena bere ustez. Eta intentsitatea da gakoa entrenatzailearen aburuz nortasun hori lortzeko. Eta azkenengo asteetan garaipenak ez dira lortu aurkariak ere jokatzen duelako noski, baina baita ere intentsitate faltagatik.

Hereneguneko euskal derbiko lehenengo minutuetan Gipuzkoa Basketek arazoak sortu zizkion Bilbao Basketi, Porfi Fisacek hiru jokalari altu jarri zituelako kantxan. Kanpotarren sistema ulertu ostean, "beltzezko gizonak" norgehiagokan agintzen hasi ziren. Bertansek 14 puntu lortu zituen akats barik lehenengo 10 minutuetan markagailuan 30-22koa jarriz.

Begicen biko baten ostean hamar puntuko aldea lortu zuen Bilbao Basketek, baina gipuzkoarrek markagailua irauli zuten hiru hiruko eta biko bat sartuta. Hannah eta Mumbruren kantxaratzearekin batera, bilbotarrek elektronikoan aldea berreskuratu zuten berriz, atsedenaldira lehenengo laurdenean bezela, zortzi puntuko aldearekin iristeko (47-39).

Lehia apurtzeko zorian egon ziren Alonsorenak hirugarren laurdenean, 16 puntuko aldea lortu baitzuten azeri zaharrek (Hervelle, Mumbru eta Raul) markatutako hiru hirukoekin. Baina ez zen honela izan, donostiarrak apurka-apurka aldea jaten hasi ziren diferentzia sei puntura murriztu arte, azkenengo laurdena hasi baino lehen (64-58).

Behin-betiko tiraldia eman zuen Bilbao Basketek 10-2ko partzial bat lortuta eta nahiz eta Fisacen mutilak erreakzionatzen saiatu, ez ziren markagailuan hurbiltzeko kapaz izan. Garaipena Bilbao Arenan geratu zen, 80-71, Bizkaiako Sasakibaloi Federazioak bere 75. urteurrena ospatzeko antolatutako "All Star Day" borobila izateko (Gernikak Donostia garaitu zuelako).

18 puntu eskuratuta (21eko balorazioarekin) Bertans izan zen Bilbao Basketen jokalaririk nabarmenduena. Berarekin batera Hervelle (13 puntu, 8 errebote), Mumbru (12 puntu, 5 errebote) eta Bogrisek (11 puntu, 6 errebote) ere partidu txukuna jokatu zuten. Raulen 5 asistentziak eta Begicen 5 txapelak ere aipatu behar dira. 

Gipuzkoarren artean, Urtasun, Llompart eta Doblas nabarmendu ziren, 20, 11 eta 9 puntu eskuratuta.

Bilbotarrek Unnicajari egingo diote bisita igandean, arratsaldeko 19:30etan.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga