Talde zuriaren aurkako lehiak beti dira zailak eta, huts txikienak erabaki dezake garailea nor den. Igandean norgehiagoka estu hasi bazen ere, madrildarrak serio jarri zirenean apurka markagailuan aldentzea lortu zuten, baina gehiegizkoa da 22 puntuko diferentzia.
Lehenengo laurdenean txukun jokatu zuen Bilbao Basketek. Jaurtiketetan portzentai onak eginaz eta aurkariaren akatsen ostean erreboteak menderatuz; hiru puntu aurretik amaitu zuten Sito Alonsorenek (gehienez 5 puntuko errenta izan zuten "beltzezko gizonek"). Lasorenek Eurolegue-aren barruan Fenerbahçeren kontrako final laurdenetako kanporaketan pentsatzen zebiltzan agian, edo beharbada ez zuten bilbotarren jokoa espero. Dena dela, Raul eta Bertansen gidaritzapean, lehenengo hamar minutuak 23-26 kapotarren aldea bukatu ziren.
Miribillako partiduan bezala, gazteena zurien joko aldaeraren burua izan zen. Luka Doncicek maisuki mugitu zituen bere taldekideak (Reyes eta Lima baez ere) eta modu horretan, bigarren laurdeneko partziala Lasorenek irabazi zuten argi eta garbi: 31-19. Atsedenaldian markagailuak 9 puntuko aldea erakusten zuen etxekoen alde, 54-45.
Diferentzia hamar-hamabi puntuen artean mantendu zen hirugarren laurdenean, parekotasuna bueltatu baitzen kantxara. Talde baten saskiratzeak aurkariaren bat-bateko erantzuna zekarren eta horrela ezinezkoa da aldea txikitzea. Bilbao Basketek aurreko laurdenean baino defentsa sendoagoa erakutsi zuen, nahiz eta Real Madrilek saskiratzeko arazo handirik izan ez zuen. Azken laurdena hasi baino lehen, 76-65 zen emaitza.
Bertansek erreskadan lorturiko bost puntuek esperantza piztu zuten "beltzezko gizonengan", aurreko hamar minutuetan lortu izan ez zutena, aldea murriztea alegia, lortzen ari baitziren. Baina zuriek ez zuten iraultzarik nahi eta denbora gutxian, aldea 13 puntutan jarri zuten. Minutuak aurrera joan ahala, Lasoren mutilek eroso jokatu zuten. Doncicek lehia bi hirukoekin guztiz apurtu zuen eta hor bukatu ziren bilbotarren indarrak. Bukaeran 102-80.
Bertans (20 puntu, 4 errebote, 3 asistentzia) eta Mumbru (16 puntu) izan ziren Bilbao Basketen jokalaririk onenak atzokoan. Real Madrien bost jokalarik hamar puntu baino gehiago lortu zuten: Carroll (20), Reyes (14, 8 errebote), llull (13; 7 asisttentzia), Doncic (12) eta Lima (11; 13 errebote).
Play-offetako txartel bat eskuratzeko etxeko partiduek garrantzi handia izango dute. Lehenengoa datorren igandean eguerdio 12:30etan izango da. Bilbao Basketek Sevilla hartuko du Miribillan.
Argazkia: ACB Photo