Adina soilik zenbaki bat dela esaten da askotan. Garrantzitsuena sentsazioak direla baita. Pasa den igandean Bilbao Basketeko azeri zaharrak ezin hobeto mugitu ziren Bilbao Arenako kantxan, taldea denboraldiaren 14. garaipenera gidatuz. Eta espero zen baino errazagoa izan zen Sevilla menderatzea, izan ere talde andaluziarra bigarren itzuli bikaina burutzen ari da, eta etxeko taldean Hannah eta Dejan Todorovicen lesioek eragina izan zezaketen.
Ez zen estuasunik egon. Hasieratik hirukoen bitartez eta, errebotea bi zonetan menderatuz, 12 puntuko errenta lortu baitzuten Sito Alonsoren mutilek lehenengo laurdenean (28-16). Raul, Mumbru eta Hervellen indarrak taldekideak kutsatu zituen, eta talde legez jokatu zuten "beltzezko gizonek". Beteranoak goraipatu beharra dago, baina baita Borg gaztearen lana (Hannahen lekua hartzea ez da batere erraza eta maisuki gidatu zuen taldea suediarrak), Bogrisena, Begicena, Markorena, Slezasena (azken aldian minuturik gabe egon ondoren, intimidazioa eta erreboteak jarri zituen kantxa gainean), Ruoffena, Bertasena... denek gehitu zuten (Suarezek ez zuen jokatu).
Luis Casimiroren mutilak saiatu ziren partidura bueltatzen, baina euren ahalegin guztiak antzuak izan ziren. Igandean, aurtengo denboraldian askotan gertatu ez bezala, "beltzezko gizonek" ez zuten intentsitatean gainbeherarik izan. Horren ondorio zuzena markagailuan islatu zen. Aldageletara 18 puntuko diferentziarekin joan ziren etxekoak (53-36).
Atsedenaldiaren ostean, Raul Lopez izan zen protagonista. Hirukoak, asistentziak, zuzendaritza bikaina... Viceko aztiak "clinic" bat eman zuen, saskibaloirako dituen gaitasunak erakutsiz. Joko alaia kantxan, eta "marea beltza" pozarren ikusten zuenarekin. Hirugarren laurdena bukatuta aldea (78-57).
Azken laurdenean aldea 24koa izatera iritsi zen. Azkenean 19 puntuko aldea Alonsoren mutilen alde. Ondo baino hobeto kudeatu zuten aldea bilbotarrek Miribillan erreskadan seigarren garaipena lortzeko, 101-82.
Talde bereko bost jokalarik hamar puntu edo gehiago lortzen badituzte normalean ez da norgehiagoka galtzen. Igande eguerdian Mumbru (19), Raul (18; 5 asistentzia), Borg (13), Hervelle (12; 6 errebote; 5 asistentzia; 4 baloi lapurtuak) eta Bogris (12; 9 errebote) izan ziren. Talde andaluziarrean onenak Nachbar 14 punturekin, Miljenovic eta Bamforth 11na puntu lortuta izan ziren.
Murtziaren porrota probestuz, Bilbao Basket zortzigarren dago sailkapenean. Play-offeko postua mantentzeko asmoarekin Badalonako Palau Olimpicera egingo du bidaia Joventuten aurka jokatzeko (hilak 24, igandea, 12:30ean).