Ez zen egun ona izan

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko mai. 3a, 06:00

Jaurtiketetan izandako portzentai baxuak eta Bartzelonaren indarra izan ziren gakoak igandeko porrotean (55-77).

Jokalariak berdinak izan arren, norgehiagoka bakoitza mundu bat da. Otsailean Bartzelonaren aurkako lehian Bilbao Basketen garaipenaren lekuko izan ginen baina igandean protagonistak berak izan arren istorioa zeharo desberdina izan zen.

Kataluniarrek ederto ekin zioten partiduari, Perperoglou gidari zutela 0-7 aurreratuz (puntu guztiak greziarrak lortu zituen). Hori gutxi ez balitz, aldea hamabi puntura iritsi zen momentu batean lehenengo laurdenean. Bilbao Basket erasoan desagerturik zegoen eta defentsan bigun. Lehenengo hamar minutuak bukatu baino lehen, "beltzezko gizonek" aldea zertxo bait murriztea lortu zuten (12-19).

Kanpotarrek hamar puntuko errenta lortu zuten bigarren laurdena hasi bezain laster (12-22). Alonsoren mutilak esnatu ziren eta apurka aldea jaten hasi ziren, markagailua iraultzea lortu barik. Aurkaria estutzen zuten baina ito barik. Jaurtiketetan izandako portzentaiak oso eskasak ziren eta puntu gutxi sartuta ezinezkoa da Bartzelona bezalako talde bat garaitzea. Pascualen zenbakiak ez ziren oso bestelakoak ere, baina markagailuan alde erosoa mantendu zuten lehenengo hogei minutuetan zehar (27-32).

Birritan jarri zen Bilbao Basket puntu batera hirugarren laurdenean: 33-34 eta 41-42. Tomic eta gutxitan aipatzen diren eta kontrola ezinak diren "kanpo faktoreak" azaldu ziren gauzak atsedenalditik bueltan zeuden moduan uzteko, hau da, bost puntura (43-48).

Azken laurdena Pascualen mutilek menderatu zuten, hasieratik eta bukaerara. Etxekoek indarra galdu zuten eta, lehia osoan zehar gertatu bezala, jaurtiketan kamuts ibili ziren. "Beltzezko gizonak" ez ziren arerio izan azkenengo hamar minutuetan bi egun aurretik atzeratutako norgehiagoka bat jokatu zuen aurkariarentzat. Gauzak horrela, elektronikoak 55-77koa erakutsi zuen berrogei minutuen ostean. Alde handiegia agian kantxan ikusitakoaren arabera, baina portzentaiek ez dute gezurrik esaten (bilbotarrek biko jaurtiketen %34 bakarrik sartu zituzten, kanpotarren %53arekin aldenduta).

Hannah 19 puntu lortuta izan zen etxekoen artean onena. Mumbruk eta Ruoffek 10na lortu zituzten. Pascualen taldean Tomic izan zen izarra 16 puntu, 15 errebote eta 3 asistentzia lortuta. 15 puntu lortu zituen Abrinesek.

Jaitsiera postuetatik aldendu nahian dabilen Obradoiroren aurka jokatuko du Bilbao Basketek larunbatean, arratsaldeko 20:00etan, Santiagoko Potes do Sar pabilioian.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga