Obradoriok arnasa hartu zuen larunbat arratsaldean Bilbao Basketi luzapenean irabazita. Galiziarrak sailkapenaren zuloan murgildurik daude eta euren lau finaletatik lehenengoa modu baikorrean bukatu zuten eta, modu horretan, Bilbao Basketi play-offetan egoteko helburua apur bat zaildu zioten.
"Beltzezko gizonek" nahiko txukun hasi zuten Fontes do Sarreko lehia, hirugarren minuturako sei puntuko errenta lortua baitzuten (4-10). Beharrak estutzen duenean normalean grina agertzen da. Moncho Fernandezek aldaketa batzuk egin ostean (Kostas Vasilieiadis kasu; greziarra Santiagora bueltatu da azkenengo txanpa honetan Bilbon erakutsi zuen grina, gosea eta borroka talde galiziarraren mesedetan jartzeko) indarrak parekatu ziren. Markagailuak argi erakusten zuen lehenengo hamar minutuetan ez zela menderatzailerik egon (17-17).
Bigarren laurdenean gauzak zeharo aldatu ziren. Vasilieiadisen hiruko batek eta Kolesnikov pibotaren biko batek galiziarren aldeko lehenengo abantaila jarri zuen elektronikoan. Hiru minutu geroago, 24-23ko markagailuarekin, etxekoen festa hasi zen: erreskadan lau hiruko eskuratu zituzten eta, bi jaurtiketa libre sartuta, hiru minututan 14-0eko partziala lortu zuten. Laurdena bukatu baino lehen, Mumbruren biko saskiratze bati beste hiruko batekin erantzun zion etxeko taldeak. Gauzak horrela, atsedenaldira Fernandezen taldea 21 puntuko aldearekin joan zen (49-28).
Aldageletatik bueltan Bilbao Basketek defentsa zorroztu zuen eta erasoan eraginkorragoak izan ziren. Bi hiruko eta biko bi saskiratze lortuta, aldea 11 puntura murriztu zuten, Moncho Fernandezi hutsarte bat eskatzera behartuz. Bere mutilak lasaitu zituen eta aldea kudeatzeko kapaz izan ziren, azken laurdena hasi baino lehen 16 puntuko diferentzia ageri zelako markagailuan (63-47). Garaipena Santiagon geratuko zela zirudien.
Baina hirugarren laurdeneko imintzioa, errealitate bihurtu zen. Bilbao Basketek bere bertsioarik onena atera zuen norgehiagokan berriz sartzeko. Eta baita lortu ere. Partiduko azken minutuan Bertansek erantzunkizuna hartu zuen eta bere bi hirukok (azkena zortzi segunduren faltan) 77na ipini zuen markagailua. Azkenengo jabetza etxekoentzat zen. Betiko zalantza: falta arin bat egin jabetza berreskuratzeko edo gogor defenditu luzapena ziurtatzeko? Sitok argi ditu ideiak kasu hauetan: defentsa. Obradoirok jokaldia egin zuen, bere jaurtiketan huts egin, erasoko errebotea hartu eta saskiratzea lortu zuen. "Instant replayak" erakutsi zuen gutxigatik izan bazen ere, denboraz kanpo lortu zuela bikoa Kolesnikovek. Gauzak horrela, 77-77ko markagailuarekin bost minutu gehiago izango zituen lehiak.
Luzapeneko lehenengo lau jokaldiak ez zituzten behar bezala jokatu "beltzezko gizonek" eta hor egon zen porrotaren gakoa Alonsoren aburuz. Bederatzi puntuko aldea lortu zuten galiziarrek eta alde hori gehiegizkoa izan zen kanpotarrentzat. Azkenean 93-89.
Mumbru; Bertans eta Hannah izan ziren "beltzezko gizonik" onenak 21, 18 eta 15 punturekin hurrenez-hurren. Etxeko taldean, Bendzius 22 punturekin, Caloiaro 16rekin eta Haws 10rrekin nabarmendu ziren.
Hurrengo jardunaldia asteazkenean izango da. Bilbao Basketek Manresa hartuko du Miribillan arratsaldeko 20:00etan.
Argazkia: ACB Photo