Landutako garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko mai. 13a, 08:37

Bilbao Basketek lan egin behar izan zuen asteazkenean Miribillan Manresa irabazteko (73-63).

Santiagon jasandako porrotaren ostean helburua apur bat zaildu zen eta, horregatik, asteazken arratsaldeko norgehiagokak garrantzi handia zuen play-offetan egoteko. Liga erregularra bukatzeko bi jardunaldien faltan, aukera handiak dira, nahiz eta beste taldeen emaitzen menpe egon.

"Beltzezko gizonek" bi bertsio desberdin erakutsi zituzten asteazkenean; oso ona atsedenaldira arte eta traketsa atsedenaldi ostean. Izan ere, hasierako jauzitik Sito Alonsorenak jokoaren menpe izan ziren, markagailuan alde erosoak hartuz. Etxekoek partidua aise irabaziko zutela zirudien lehenengo laurdenaren amaieran markagailuak erakusten zuen aldea ikusita (bederatzi puntu; 27-18).

Kanpotarren artean, izen bat nabarmendu zen: Dejan Musli. Pibot serbiarrak bere gain hartu zuen erantzukizun guztia eta bera izan zen bilbotarrek markagailuan alde ez egitearen erruduna. Norgehiagoka apurtzeko zorian zegoenean, bera agetzen zen aldea murrizteko. Atsedenaldian, Bilbao Basket 43- Manresa 35.

Arestian esan bezela, bilbotarren jokoa ez zen bat ere ona izan eta aldiz, Ibon Navarroren mutilek ederto ekin zioten hirugarren laurdenari. Talde kataluniarra bi puntura jarri zen baina ez zen markagailua iraultzeko gai izan. Momentu larri horretan, Bertans agertu zen segidan 8 puntu eskurtuz, modu horretan Bilbao Arenan bildu zen "marea beltza" lasaituz. Azken laurdena hasi aurretik, elektronikoak 31-52koa erakusten zuen.

Azkenengo hamar minutuak arraro xamarrak izan ziren. Bilbao Basketek bi puntu sartu zituen (Ruoffen eskutik) eta Manresak bi jaurtiketa libre bakarrik eskuratu zituen (Muslik) bost minututan. Ruoffek eskumutur fina duela erakutsi zuen bi hiruko lortuz. Hor bukatu zen partidua, Manresak ez baitzuen erregairik erreakzionatzeko. Amaieran, Bilbao Basket 73 Manresa 63.

Ruoff 18 puntu lortuta (4/4 hirukoetan) izan zen onena "beltzezko gizonen" artean. Berarekin batera, Bertans (13 puntu) eta Mumbru (12 puntu, 7 asistentzia) nabarmendu ziren. Manresan izen bakarrra lehen esan bezala, Musli (23 puntu, 11 errebote, jasotako 9 falta).

Teneriferen aurka neurtuko ditu indarrak Bilbao Basketek irlan igandean, eguerdiko 13:30tan play-offetan egoteko aukerak mantentzeko asmoz. 

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga