Amildegi ertzean bizitzea gustoko

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko mai. 17a, 05:00

Bilbao Basketek Teneriferen aurka galdu zuen igandean (77-71). Azken jardunaldian garaipena lortu beharko du eta beste emaitza batzuk itxaron play-offetan egoteko.

Coruñan otsailean jokatu zen Errege Kopan egoteko lehen itzuliko azken jardunaldira arte itxaron behar izan zuen Bilbao Basketek. Eurocupeko bigarren faseko azken jardunaldian final laurdenetan egoteko txartela jokoan izan zuen (eta ez zuen lortu). Ligako azken jardunaldian du hil ala biziko lehia play-offetan egon nahi badu (eta beste emaitza batzuen menpe gainera). "Beltzezko gizonak" amildegi ertzean bizitzea gustoko dutela dirudi.

Igandeko norgehiagoka ez zen batere ona izan bilbotarren aldetik. Argitasun momentuak egon ziren arren, defentsan ahul ibili ziren (errebotean batez ere) orokorrean Tenerifek askoz hobeto jokatu zuen eta bere aukerak aprobetxatu zituen.

Bere uztaia ez zuten itxi bilbotarrek eta bigarren aukera horietatik etorri ziren Vidorretaren mutilen saskiratzeak. Zortzigarren minuturako, zazpi puntuko aldea zegoen elektronikoan (17-10) baina, bukaerarako markagailua "apaindu" zuten Alonsorenek, diferentzia lau puntura jarrita, 19-15.

Ruoffen bi puntuk, Bertansen seik (hiruko bat eta hiru jaurtiketa libre) eta Bogrisen biko bati esker, 0-10eko partziala lortu zuten kanpotarrek bigarren laurdenaren hasieran. Honen ondorioz, Vidorretak hutsate bat eskatu zuen bere mutilei ideiak argitzeko eta, batez ere, Alonsorenen asmatzea gelditzeko. Eta helburua lortu zuen. Tenerifeko jokalariek argiago jokatu zuten hortik aurrera, Sekulic eta Beiran erreferentziatzat hartuta. Biek euren taldekideak gidatu zituzten atsedenaldira sei puntuko aldearekin heltzeko (39-33).

Aldageletatik bueltan , kanariarrek partiduko gehienezko aldea lortu zuten (9 puntu, 41-33) baina bilbotarrak defentsa zorrozten hasi ziren eta elektronikoak 45-38koa erakusten zuenean, "beltzezko gizonek" hiru hiruko eskuratu zituzten norgehiagokan lehen aldiz aurretik jartzeko, 45-47. Indarrak berdindu ziren hortik aurrera, saskiratzeak bi uztaietan ematen ziren eta azken laurdena hastear zela, markagailua 55-54koa zen.

Saskiratze batek aurkariaren erantzuna izan zuen laugarren laurdenean. Eta norgehiagokaren momenturik erabakigarrienean (hiru minutu bukatzeko; 65na markagailuan) askotan fidagarria den Mumbruk bi jaurtiketa libre huts egin zituen. Tenerifek biko bat sartu ondoren, Hervellek berdintzeko beta izan zuen bi jaurtiketa libreen bidez baina bakarra lortu zuen. Azken minutu horietan, etxekoek urduritasuna hobeto kudeatu zuten eta garaipena eskuratu zuten, 77-71.

Hannah (16 puntu, 4 asistentzia), Bertans (12 puntu) eta Begic (11 puntu, 3 txapel) izan ziren onenak Bilbao Basketen. Nabarmentzekoak ere Hervellek hartutako 10 erreboteak. Etxekoen partez, Sekulic, White (15na puntu), Beiran (14 puntu, 12 errebote, 4 asistentzia) eta San Miguel (11 puntu, 4 asistentzia) nabarmendu ziren.

Bilbao Basketek play-offak jokatzeko, hau gertatu behar da:

-Zaragoza mendean hartu beharra dauka (igandean 12:30etan; jardunaldiko partidu guztiak ordu berean izango dira)

-Tenerifek Bartzelonaren kontra galdu behar du.

-Murtziak Fuenlabradari irabazi behar dio. 

Zail badago ere, ezinezkoa ez da.

 

Argazkia: ACB Photo