Urriaren 2an 12:30ean Fuenlabradaren aurka estreinatuko da 2016-2017ko Bilbao Basket. Pasa den denboraldiarekin konparatuz, aurpegi berri asko agertzen dira "beltzezko gizonen" artean. Lehen aldaketa esanguratsua entrenatzailearena da. Sito Alonsok Baskoniaren eskaintza onartu zuen eta Gasteizera egin du salto nahiz eta bere kontratua 2020an bukatu. Printzipioz etorkizuneko proiektua zirudiena (guztira bost denboraldi) bertan behera gelditu da. Erabaki honek zaletuegan orotariko erreakzioak sortuko ditu seguru asko. Bere ordez CARLES DURÁN izango da hurrengo bi denboraldietan lekua hartuko duena. Azken aldian Valentzian aritu da entrenatzaile kataluniarra, talde "taronjaren" gidari 2014-2015 denboraldian Velimir Perasovic ordez (bere bigarren entrenatzailea zen) eta pasa den denboraldian Pedro Martinezen laguntzaile modura.
Alonsorena ez da agur bakarra izan. Bertans, Bogris, Ruoff, Begic, Hannah, Marko Todorovic eta Suarezek ez dute Bilbao Basketen elastikoa defendatuko. Letoniarra Darussafaka talde turkiarrera joan da (Euroliga jokatuko du); greziarrak Txus Vidorretaren Tenerifera egin du salto; amerikarra Alemaniara bueltatu da, Ludwigsburgera; esloveniarra KK Ceevita talde kroaziarrean ibiliko da; antolatzaile amerikarrak Buyukçekmece talde turkiarrean jokatuko du; azken biak euren taldeetara bueltatuko dira Bilbao Basketen utzita jokatu ostean (Khimkira lehena eta Real Madrilera bigarrena).
Batzuk joan eta beste batzuk heldu:
JONATHAN TABU antolatzaile belgikarra Fuenlabradatik heldu da eta hiru urteko kontratua sinatu du.
MIHA LAPORNIK esloveniarra Olimpija Ljubljanatik heldu da. Urte bateko kontratua sinatu du, beste denboraldi baterako aukerarekin (eskolta).
SCOTT BAMFORTH amerikarrak hurrengo bi denboraldietarako kontratua sinatu du eta Sevillatik (aurten Real Betis Energia plus izena hartuko duen taldetik) dator (hegalekoa).
DANILO NIKOLIC hurrengo bi denbraldietan izango da "beltzezko gizon". Mega Leks talde serbiarretik heldu da (hegal-pibota).
IVAN BUVA Avellino talde italiarretik dator eta hiru denboraldietarako sinatu du (pibota).
MICHAEL ERIC nigerriarrak urte bateko kontratua sinatu du eta bigarren baterako aukera du. AEBetan trebatua Brindisi eta AEK talde europarretan ere ibilitakoa da (pibota).
Fitxaketen artean ere bi aurpegi ezagun daude:
DEJAN TODOROVIC hegalekoa "beltzezko gizon" izango da eskubide osoz hurrengo hiru denboraldietarako, azken bietan Unicajak utzita jokatu ostean.
JAVI SALGADO BUELTAN DA. Santutxuko antolatzaileak sei urte eman ditu kanpoan (Gipuzkoa Basket eta Estudiantesen artean bananduta) eta denboraldi honetarako sinatu du.
Alex Mumbrú, Axel Hervelle, Tobias Borg eta Borja Mendiarekin batera Bilbao Basketen 2016-2017ko "rosterra" osatuko dute.
Diru premia momentuz konponduta eta Administrazio Kontseilu berrituta
Ezohiko azken Batzar Nagusian Caja Rural de Navarrak behar zen milioi bateko kreditua eman zuela eta, Bilboko Udalak hurrengo bost urterako diru kopuru berdina emango zuela (200.000 euro urtean) aditzera eman zuen. Baita Xabier Jon Davalillok Administrazio Kontseiluko presidente izateari utziko ziola ere. Bere ordez Koldo Maurazak hartuko du kargua.