Sekulakoa!

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko urr. 19a, 10:00

Bilbao Basketek dantzan jarri zuen Bartzelona igande eguerdian jokatutako partiduan (92-79) eta modu honetan bere historiako denboraldi hasierarik onena borobildu du talde bilbotarrak (4-0)

Igandean Bilbao Arenan bildutako 9703 ikusleetako gutxik espero zuten 12:30etatik eta 14:00etara bitartean gertatu zena. Bartzelona zuten "beltzezko gizonek" aurrean eta baloia airean jarri zenetik ikusi zen etxekoak ez zirela txantxetan ibiliko. 27-4koa zen markagailua lehenengo 7 minutuen ostean (14-0 leheengo bostetan).

Bartzokasenek espero zen moduan esnatu ziren, eta 0-24ko partziala lortuta (lehenengo laurdenaren amaiera eta bigarrenaren erdira arte bananduta) beldurra edo ezinegona sortu zuten "marea beltzean" baina hori izan zen Bartzelona gehien hurbildu zen momentua. Arlo guztietan nagusi ziren Duranen mutilak. Bilbao Basketen entrenatzaileak prentsaurrekoan esan bezela "Euroliga mailako defentsa" egin zuten Borg, Lapornik, Eric, Hervelle eta taldeko besteek ere. 

Erasoan bi izen. Bata betikoa, Alex Mumbru kapitaina. Ardo onenak bezala, urteekin hobera egin du hegalekoak eta bere zenbakiek eta, batez ere, erakusten duen grina gora doaz urterik urtera. Bestea Scott Bamforth. Albuqerquekoak jaurtiketa "masterclassa" eman zuen. Hori da hori erreztasuna baloia hartu eta ziztu bizian besoa prestatu eta botatzeko. 25na puntu lortu zituzten biek kanpotarren uztaia behin eta berriz zulatuz. 

4-0ekoa lotzeaz gain (eta, hortaz historiako denboraldi hasiera onena lortuz) "beltzezko gizonek" beste marka bat apurtu zuten, norgehiagoka batean emandako asistentziena, 25 banandu zituzten (Borg eta Mumbruk 5na, 4na Lapornik eta Salgadok, 2na Tabu, Bamforth eta Hervellek eta Todorovicek beste bat) etxekoek baloia ederto mugitzen dutela erakutsiz.

Gauzak honela, Bilbao Basketek taularen goreneko postua Teneriferekin konpartitzen jarraituko du beste aste batez. Hurrengo lehia Andorran izango dute "beltzezko gizonek" larunbatean gaueko 21:00etan.

Gaur estreinaldia Eurocupen

Gonbidapena jaso ondoren, Bilbao Basketek beste urte batez Europan zehar zabalduko du gure hiri maitatuaren izena. Eta lehenengo lehia gaur arratsaldeko 20:30etan Alba Berlinen aurka Bilbao Arenan izango da. Multzoko beste hiru taldeak Khimki, Fuenlabrada eta Lietuvos Rytas dira (ACBn gertatzen den moduan jardunaldiro talde batek atseden hartzen du eta pasa den astean "beltzezko gizonek" ez zuten lehiarik izan.

Gaur Miribillara igotzeko aukerarik ez duzuenok ez arduratu etxean ikusteko aukera izango baituzue etb1eko kameren bitartez.

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga