Bidaia sustraietara

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2016ko urr. 27a, 19:45

Argazkia: Bilbao Basket

Datorren azaroaren 9an Bilbao Basket La Casillara bueltatuko da Eurocuparen barruan Khimkiren aurka jokatzeko.

Denboran zehar bidaiatuko du Bilbao Basketek bere osotasunean Delorean bat erabili barik. Izan ere bi aste barru La Casillan lehiatuko dira "beltzezko gizonak" Khimkiren aurka.

Bidaiai sustraietara izango da. Ez bakarrik taldea hazten ikusi zuen pabilioi kuttunean lehiatuko direlako. El Correo egunkariaren arabera, partidu horretan Bilbao Basketeko jokalariak gorriz kantxaratuko dira. Agian talde bilbotarraren zale gazteenek ez dute gogoratuko, baina kolore hori izan zen taldearen bereizgarria lehenengo urteetan (sorreratik 2005-2006 denboraldiaren hasierara arte).

Bilbao Arenan azaroaren 2tik 13ra jokatuko den Badmintoneko Munduko Junior Txapelketa da Miribillatik Indautxura mugitzearen arrazoia. Beti ere El Correoren arabera, Bilbao Basketeko arduradunak Khimkirekin harremanetan jarri ziren partiduen ordena aldatzeko (Moskun jokatzeko bi aste barru, alegia), baina errusiarrek ez zuten onartu, antza denez.

Gauzak horrela, La Casilla berriz ere Bilbao Basketen gotorleku bihurtuko da, gau batez soilik bada ere.