Nahiz eta udan taldea ia osorik eraiki, denboraldia modu ezin hobean hasi zuten Carles Duranen mutilek ligako lehenengo lau partiduak irabazita. Jokalariek entrenatzaile berriaren ideiak arin barneratu zituztela zirudien, eta modu honetan denboraldi erdian gorriz markatuta agertzen den zitarako (Koparako alegia) txartel erdia lortuta zegon. Urrian izan zen hori.
Urte berria hasita gauzak zeharo aldatu dira. ACBko lehenengo itzulia bukatzeko jardunaldi baten faltan (Gasteizen igandean arratsaldeko 18:30ean Sito Alonsoren Baskoniaren aurka jokatu beharrekoa), balantzea zazpi garaipen eta zortzi porrotekoa da. Kontuak argiak dira, azkenengo hamaika norgehiagoketan 'beltzezko gizonak' hirutan bakarrik atera dira garaile. Eta Buesa Arenan bertan otsailean jokatuko den Kopan egoteko aukerak asko murriztu ditu.
Zer gertatu behar da Bilbao Basket Kopan egoteko?
Teorian, eta bi taldeek duten joera konparatuta, lehennego derbian ezusteko galanta eman beharko dute 'beltzezko gizonek' Baskoniari gailentzeko. Gauzak gehiago zailtzeko, hirugarren talde batek egiten duenari adi egon behar da, izan ere, Betisek Andorraren kantxan irabazi behar du (Andorrak ez du etxean norgehiagokarik galdu oraindik). Hori gutxi ez balitz, bi partidutan egongo diren puntuei erreparatu beharko zaio. Orain arte azaldutakoa gertatzen bada, Bilbao Basket eta Andorra zortzina garaipenekin sailkapenean berdinduta egongo lirateke eta, zortzigarren postua norentzat den erabakitzeko (Koparako azken txartela eskuratzeko alegia) puntu orokorreta joko da. Eta horretan ere talde bilbotarrarentzat zailtasunak agertzen dira. Bere eta Betisen garaipenei 11 puntu gehitu beharko zaie, hau da, Bilbao Basketek puntu bakar batez irabazten badu, talde andaluziarrak hamabi puntugatik egi beharko luke 'beltzezko gizonak' Kopan egoteko. Miraria ez, baina antzeko zeozer bada.
Europatik kanpo
Bost taldek osatutako lau multzotan banatu zen denboraldi honetako Eurocup (hasieran seikoak ziren baina lau taldek txapelketan parte hartzeari uko egin zioten), eta multzo bakoitzetik lau talde sailkatu dira. Khimki, Alba Berlin, Liuetuvos Rytas eta Fuenlabradarekin B multzoan neurtu zituen indarrak talde bilbotarrak. Talde errusiarrak ezik, beste hirurek 'liga berekoak' ematen zuten, eta lehiaketa nola joan zen ikusita, praktikan horrela izan da. Moskuko taldea besteen gainetik izan da, eta besteen arteko lehietan edonork irabazi zezakeen. Ez zen ezinezkoa hamasei onenen artean egotea.
Europako txapelketan hasi zen Bilbao Basketen erorketa. Joko astuna, ideia bakoa, intentsitate gutxikoa... ligan gero erakutsi duten ahultasuna alegia. Zortzi partidutan hiru garaipen soilik eta, nahiz eta Lietuvos Rytasekin multzoko zuloan berdindu, lituaniarrak pasa ziren bigarren fasera bilbotarrak kanpoan utziz. Denboraldiko lehenengo desilusioa.
Zeintzuk izan daitezke egoera kezkagarri honen arrazoiak? (Iritzia)
Lehenengo lau garaipenen ostean deboraldi lasaia izango zela zirudien, eta 'marea beltzean' gehiegizko baikortasuna sortu zen (nigan ere, ez dut ezeztatuko). Egia da izenak eta aurrekontua begiratuta (pasa den abenduaren 22an izandako Akziodunen Batzarrean aurtengo denboraldirako 4.784.849€koa izango da) sailkapeneko goreneko postuetan izar handiekin lehiatzea ez litzaiguke tokatuko, eta horri erreparatuta agian seigarren postuan egotearekin konformatu behar gara, baina ezin da ukatu jokoaren intentsitatean beherakada nabarmena egon dela.
Denboraldi hasieran entrenatzaileak jokalari bakoitzari rol bana eman zion (prentsan ateratako deklarazioetatik ondorioztatzen zen hori). Lehen itzulia bukatzeko jardunaldi baten faltan, jokalari batzuen ekarpena oso urria izan da, eta beste batzuek ez dute euretaz espero zena eman.
Astero bi norgehiagoka jokatzeak eta lehia horiek duten bidaien osteko nekea izan daiteke beherakada honen arrazoietako bat, edo jokalariek ez dutela konfiantzarik maldan gora jartzen diren partiduei buelta emateko, edo agian guk zaleok gure baikortasunarekin presio handiegia jartzen dugula eurengan.
Esfortzua eta indarra %100ean ligan jarri beharra dago. Egoera honi buelta emateko denbora soberan dago, gertatzen ari dena kezkatzekoa den arren, taldearen etorkizun hurbila ez dago erabakita, ezta gutxiagorik ere.