Burua altza ezinik, baina itxura eraldatuz

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko urt. 25a, 09:25

Argazkia: ACB Photo

Gasteizen kopa jokatzeko aukera apurrak galdu ostean, igandeko norgehiagoka ere galdu zuten 'beltzezko gizonek' Estudiantesen aurka (87-83) nahiz eta irudi hobea eman.

Bigarren itzulia hasi da ACB ligan eta Bilbao Basketek lehenengoa bukatu zuen bide berdinean jarraitzen du. Euskal derbian porrota jaso ostean, otsailean Gasteizera bueltatzeko txartelik gabe geratu zen. Lehia irabazita ere, Andorrak Betis jipoitu zuenez, zortzi onenetatik kanpo bukatu zuen Carles Duranen taldeak denboralidko lehen erdia.

Dena den, Estudiantesen kontrako porrota ez zen azkenengoak bezain tamalgarria izan, beste itxura bat ema zuten bilbotarrek aurreko partidutako irudiarekin alderatuta. Ia azken segundura arte borrokatu zen, jokalari batzuek euretaz espero den aurrera pausua eman zuten eta  momentu batzuetan defentsan aspaldi ikusten ez zen seriotasun eta sendotasuna ageran utzi zuten 'beltzezko gizonek' (madrildarrek ez zuten sarrera errezak egiteko askatasuna izan; Bilbao Basketek aurreko norgehiagoka batzuetan arlo horretan lo kantxaratu zen). Baina etxekoek hiruko jaurtiketetan erreztasunak izan zituzten eta 44 puntuko balorazioa lortu zuen Edwin Jacksonen gidaritzapean (27 puntu, 6 errebote eta 12 falta jaso zituen frantziarrak) garaipena poltsikoratu zuten Salva Maldonadoren mutilek.

Bilbotarren artean, Buva 17 puntu lortuta, Tabu 16 puntu eta 8 asistentzia banatuta eta Bamforth eta Mumbru 13na punturekin nabarmendu ziren. Antolatzaile belgikarrak iaz Fuenlabradan izaten zituen zenbakiak lortu zituen, denboraldiko norgehiagokarik onena jokatuz. Hau da Bilbao Arenan biltzen den "marea beltzak" berataz espero zuena udan bere fitxaketa iragarri zenean.

Igande honetan Zaragoza dator Bilbora. Aragoitarrak garaipen bat gutxiagorekin helduko dira Bilbao Arenara. Bi taldeentzat garaipena ezin bestekoa da: Duranen kuadrillarentzat goiko postuetatik ez aldentzeko eta dinamika txarrari amaiera emateko; Andreu Casadevallek zuzendutako mutilak (Jelovac, Fotu, Bellas eta Juskevicius besteak beste) arnasa hartzeko, beheko postuak hurbil ikusten dituztelako (Oscar Quintana kaleratu eta Fotis Katsikaris berriz konttratatu duen Murtzia garaipen batera dago eta, Joventut eta Obradoiro bira). Eguerdiko 12:30etan hasiko den norgehiagoka teorian parekatua izango da eta bi taldeek duten onena eman beharko dute arerioa garaitzeko.