Badirudi bolada txarrari amaiera eman diola Carles Duranen taldeak etxean lortutako azken garaipenari igandeko norgehiagokan jarraipena emanda. Eta ez zirudien Bartzelona areriorik onena konfiantza berreskuratzeko, izan ere kataluniarrak Palau Blaugrana gotorleku zuten ligan bere zalegoaren aurrean lehia guztiak irabazi ostean. Igandera arte.
Miribillan jokatutako partiduan (lehenengo itzuliko laugarren jardunaldian) hamahiru puntuz gailendu ziren 'beltzezko gizonak' erreskadan laugarren garaipena lortuta, baina urriaren 16a oso urrun geratzen zen eta, datua hor egon arren, bilbotarrak ez ziren erlaxaturik kantxaratu. Lehia oso estua izan zen. Markagailaun diferentziak ez ziren batere handiak. Talde baten saskiratzeei aurkariak txanpon berdinarekin ordaintzen zion. Berdintasun horren adierazlerik garbiena lehenengo hiru laurdenetako partzialak: 20-22, 17-15 (37na atsedenaldian) eta 12-11. Azken laurdena puntu bat azpitik hasi zuten bilbotarrek.
Azken hamar minutu horietan, zuriz jantzitako 'beltzezko gizonek' zuten indar guztiekin jokatu zuten aurkariaren gainetik igarotzeko:19-28. Erasoan ia bikain ibili ziren Duranen mutilak garaipena eskurazteko. Tabuk hartu zuen gidaritza eta taldekidek ederto jarrraitu zituzten belgikarraren mugimenduak, sistemak ondo landuz eta jokaldiak akzio positiboekin bukatuz. Talde lana izan zen igandeko garaipenaren gakoa: Mumbruk 17 puntu (12ko balorazioa), Bamfprth 13 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia (17ko balorazioa), Todorovicek 11 puntu (lautik hiru hiruko jaurtiketetan) 3 errebote (16ko balorazioa) eta Tabuk 10 puntu, 4 errebote eta 8 asistentzia (16ko balorazioa). Hervellek hartutako 8 erreboteak eta Buva eta Ericek lorturiko 7na puntuak ere nabarmentzekoak dira.
Denboraldiko hamargarren garaipena lortzeko, igande eguerdian (zehazki 12:30etan) Fuenlabrada hartuko du Bilbao Basketek. Lehia estua izango dela dirudi, biek ala biek bederatzina garaipenekin bait daude..
Argazkia: ACB Photo