Bolada onari amaiera

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko mar. 7a, 07:45

Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Erreskadan azkenengo lau partiduak irabazi ostean, (azkena atzo zortzi Manresaren aurka) igandean ezin izan zuten bide berdinetik jarraitu Unicajaren aurka (63-74).

Askotan gertatzen den moduan, azkenego emaitzak ez du berrogei minutuetan ikusitakoaren laburpen zehatza egiten, izan ere, igande eguerdiko lehian ez zen hamaika puntuko aldea egoteko diferentziarik izan bi taldeen artean.

Norgehiagoka laburtzeko (lehen hiru laurdenak behintzat) hitz bakarra nahikoa da: defentsa. Atzean bilbotar zein andaluziarrek duten guztia jarri zuten eta oso zaila izan zen saskiratzeak lortzea, lehenego hamar minutuetan batez ere. 15-8 zen elektronikoan ikusten zena.

Bigarren laurdenean defentsak zabaltzen hasi ziren eta markagailuan gorabeherak izan ziren. Berdintasuna nagusi zen eta inork ez zuen partiduaren agintea hartzen. Atsedenaldira hori bai, kanpotarrak aurretik joan ziren, 28-29 (nik ez dut hain markagailu baxurik oroitzen Bilbon jokaturiko partiduetan lehenengo hogei minutuen ostean; ligako artxiboetan murgildu beharra daukat datua bilatzeko).

Aldageletatik bueltan, etxekoak suspertu ziren eta lehia apurtzeko zorian ibili ziren. 'Beltzeko gizonak' zazpi puntuko errenta lortu zuten birritan (38-31 eta 43-38) baina Joan Plazaren mutilek ondo baino hobeto erantzun zuten. Hirugarren laurdenaren amaiera eta azkenengoaren hasiera bitartean 4-21eko partzila lortu zuten kanpotarrek.

Azkenengo minutuetan intentsitateak gora egin zuen eta para bat iskanbila sortu ziren kantxan bi taldeen arteko jokalarien artean. Lehena Eric eta Suarezen artean (andaluziarrek sartutako jaurtiketa libre baten ostean) eta bigarrena Omic eta Hervellen artekoa kantxa erdian lehena bigarrenaren gainean jesarrita geratu zenean. Epaileen erabakiak (biei kirolez kontrako falta adieratea) 'marea beltzaren' haserrea piztu zuen euren ezadostasuna adieraziz. Ez zen lehenengo aldia izan, zaleek ulertzen zutelako epaileen erabakiak ez zirela kantxaren bi aldeetan berdina izan (norgehiagoka zehar bilbotarrak 10 aldiz joan ziren 4,60 metroko marrara eta kanpotarrak 27 aldiz). Zaletuen haserraldi horrek 'beltzezko gizonengan' efektu motibatzailea izan zuen, aldea hiru puntura murriztu baitzuten lehia bukatzeko bi minuturen faltan. Baina Unicajaren hiruko bi jaurtiketek erreakzioa zapuztu zuten. Amaieran 63-74.

Porrotaren gakoa erasoan izandako efektibitatea eta ordena izan zen. Bilbotarrak (azkenengo laurdenean batez ere) ariniketan saiatzen ziren andaluziarren saskira jaurtitzen, egoera zailenetan ere. Burua hotz mantendu behar denean, bihotzaren berotasunak agindu zuen 'beltzezko gizonengan'.

Buva eta Bamforth nabarmendu ziren etxekoen artean 13 punturekin. Pibot kroaziarrak 5 errebote eta 14 puntuko balkorazioa lortu zuen; hegaleko amerikarrak aldiz, 3 errebote eta asistentzia 1ekin borobildu zuen bere agerraldia, 111 puntuko balorazioa lortuz. Eurekin batera, Mumbru 10 puntu, 3 errebote eta 3 asistentziekin (11 puntuko balorazioa) ondo ibili zen. Aipatzekoa baiata ere, Hervelle bihurtu zela atzo Bilbao Basketen historian errebote gehien hartu dituen jokalaria, Mumbruren gainetik. Bi jokalarien arteko aldea errebote batekoa da soilik.

Gipuzkoa Basketeko jokalari ohia den Dani Diez (17 puntu, 4 errebote, 14ko balorazioa) eta Catlos Suarez (12 puntu, 6 errebote, 3 asistentzia, 18ko balorazioa) nabarmendu ziren.

Bilbao Basketek bere bigarren atseden jardunaldia izango du asteburu honetan eta hurrengo lehia Bilbao Arenan jokatuko du Fotis Katsikarisen UCAM Murtziaren aurka martxoaren 19an (igandea) eguerdiko 12:30etan.