Esperantza mantenduz

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko api. 10a, 23:59

Argazkia: ACB Photo

Etxean Murtziaren kontra jasandako porrota (71-82) eta Real Madrilen aurka hartutako jipoiaren ostean (104-76), Sevillan irabazi zuen Bilbao Basketek Betisen kontra (73-85). Fase erregularra bukatzeko zazpi norgehiagoka jokatzeke dituztenean, bi garaipenera dituzte 'beltzezko gizonek' play-offetako postuak.

Denboraldian zehar erakutsitako erregulartasun ezak, irtenbide bakarra utzi dio Bilbao Basketi baldin eta play-offak jokatu nahi baditu: hortzak estutzeko premia dute Carles Duranen mutilek. Gainera, momenturik txarrenean (ba al dago momentu onik?) etorri da Scott Bamforth iparamerikarraren lesioa. Albuquerqueko eskoltak pasa den martxoaren 19an zorigaiztoko jokaldi batean, bere eskuin belauneko kanpo aldeko meniskoa hautsi zuen. Murtziaren kontrako norgehiagokaren hondarrean egindako jaurtiketa baten ostean txarto zapaltzerakoan gertatu zen eta ebakuntza egin ostean denboraldi txukun bati (batezbeste 14 puntu eta 5 errebote) agur esan dio amerikarrak.

Egoera ekonomikoa zein den jakinda, ez da fitzaketarik egon Bamforthen hutsunea betetzeko eta, hortaz, Lapornik eta Todorovicek minutu gehiago izango dituzte (Madrilen aurka eta larunbateko lehian ikusi zen hori). Berri onak ere badaude, izan ere, Jonathan Tabu belgikarra osatu zen eta indarberriturik bueltatu da (atzo adibidez, taldeko onenetarikoa izan zen 15 puntu lortuta).

Jaurtiketetan izandako portzentaia onak baliatuz eta errebotearen jabe izanez hartu zuen abantaila Bilbao Basketek San Pablo pabilioaian, 3-15. Hasiera hori izan zen lehia irabazteko gako nagusia, Zan Tabaken mutilek ez bait zuten erreakzionatzeko paradarik izan (entrenatzaile kroaziarra jada ez da talde andaluziarren zuzendaria, igandean jakin baitzen kargutik kendu zutela). Talde andaluziarren liderra den Bostjan Nachbar lesionatuta egonda, Milosevic, Locket, Radicevic eta Stojanovskik hartu zuten puntuak sartzeko erantzunkizuna (16, 13, 10 eta 10 hurrenez-hurren) baina alferrikakoa izan zen eroso ibili zen arerio baten aurka.

Laurden bakoitzaren partzialak aztertuta argi ikusten da norgehiagoka lasai xamarra izan zela 'beltzeko gizonentzat': 12-25, 11-20 (atsedenaldian, beraz, 23-45), 30-23 eta 20-17 (amaieran 73-85). Hirugarren laurdeneko defentsan izandako gainbehera hori izan daiteke lehiaren gauzarik txarrena. Jokalariak banan-banna aztertuz gero, Taburekin batera Mumbru (16 puntu, 7 errebote, 3 asistentzia, 21eko balorazioa), Buva (11 puntu, 7 errebote, 19ko balorazioa), Hervelle (10 puntu, 7 errebote) eta Salgado (10 puntu).

Denboraldian zehar askotan gertatu da deskonexio momentu bat izatea eta galdutako partidu askoren arrazoia izan da hori. Kanporaketetan sartzeko zazpi lehia gelditzen direnean (Valentzia, Obradoiro, Andorra, eta Baskonia etxean; Joventut, Tenerife eta Kanaria Handia Miribillatik at) kontzentrazio faltak porrotak ekar ditzakeelako edozein taldearen kontra, are gehiago guztiek euren helburua definitzeke dutenean. Etzi, Eurocupen bigarrren geratu den eta ligako liderra den talde 'taronja' izango da. Hereguneko lehiak esperantza mantentzeko balio du.

 

Argazkia: ACB Photo