Ia ezinezkora kondenatuta

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko mai. 8a, 22:07

Argazkia: ACB Photo (www.acb.com)

Bi partiduren faltan, biak irabaztera behartuta dago Bilbao Basket eta, era berean, Andorrak bere biak galdu behar ditu 'beltzezko gizonek' zortzigarren postua lortzeko. Atzo Teneriferen aurka galdu zuten (80-76).

Boladaka. Horrela mugitu dira 'beltzezko gizonak' denboraldi osoan zehar. Ez da erregulartasunik egon eta horren azken lekukoa, azkenego lau norgehiagokak: Valentzia liderraren aurka balentria lortu zuten Carles Duranen mutilek (88-75), gerora Obradoiro eta Joventuten aurka galtzeko (85-90 eta 82-55, hurrenez hurren) berriro ere Andorra arerio zuzenaren aurka irabazteko (81-67, bien arteko average-a errekuperatuz).

Teneriferen aurka play offetarako sailkatzena lortzeko aurrerapauso erabakiorra emateko aukera ederra zirudien, baina Txus Vidorretaren taldeak ez zion betarik eman. Hori gutxi balitz, Andorrak Valentzia menderatu zuen, eta zortzigarren postua bi garaipenetara dago denboraldia bukatzeko bi jardunaldiren faltan.

Atzoko lehia estua joan zen hasieratik bukaeraraino. Ez zen menperatzailerik egon, eta markagailuan eman ziren aldeak oso txikiak izan ziren, etxekoek hamaika puntuko aldea lortu zuten arte (azken minutuan hamarrekoa zen). Horren isla, laurdeneka izandako zenbakia: 19-16 lehenengoan, 12na bigarrenean, 24-23 hirugarrenean eta 25na azkenengo hamar minutuetan.

Ez ziren txarto ibili 'beltzezko gizonak', baina denboraldian zehar askotan gertatu den bezala, hiruko jaurtiketak txarto defendatzeak porrota ekarri zuen. Noski, ezin zaio meriturik kendu arerioen jaurtitzaileei, baina egia da ere jaurtiketa oztopatzera heldu behar dela (horrek ez du ezer ziurtatzen halere).

Estatistika indibidualetan sartuta, Tabu (18 puntu, 8 asistentzia, 23ko balorazioa), Hervelle (13 puntu, 8 errebote, 17ko balorazioa), Eric (12 puntu, 9 errebote), Buva (11 puntu, 3 errebote) eta Mumbrú (10 puntu, 3 errebote, 4 asistentzia) nabarmendu ziren lehia irabazteko borrokan.

Etxekoen aldetik, Doomekamp (19 puntu), San Miguel (14 puntu) eta Bogris 'beltzezko gizon' ohia (10 puntu) izan ziren onenak.

Baskonia eta Kanaria Handiaren kontra jokatuko dute bilbotarrek azkenengo bi norgehigoketan, begi bat Andorrak Betis eta Real Madrilen aurka jokatu beharreko partiduetan jarrita duela. Ia ezinezkora kondenatuta daude 'beltrezko gizonak' play-offetarako sailkatzeko lehian, baina matematikek kontrakoa esaten duten arte esperantza dago.

 

Argazkia: ACB Photo (www.acb.com)