Gaur euskal derbia izango da jokoan Miribillan. Lehia estua espero da, ez bakarrik bilbotar eta gasteiztarren arteko norgehiagokak (teorian behintzat) tentsioz beterikoak direlako, baizik eta, biek ala biek euren helburuak lortzeko garaipena ezinbestekoa dutelako.
'Beltzezko gizonek' denboraldia bukatzeko falta diren bi norgehiagokak derrigorrez irabazi behar dituzte eta Andorrak bere bi partiduak galdu. Soilik modu horretan bilbotarrek zortzigarren postua lortuko lukete eta, horrenbestez, play-offak jokatzeko aukera. Mumbruren hitzetan "taldea helburua azkeneraino lortzen saiatuko da. Bamforthen lesioak eta bere ordez jokalaririk ez etortzeak, gutako askoren esfortzua handitu egin du. Baita, jasandako beste lesio txiki batzuek gure errendimenduan eragin negatiboa izan dute. Ez dira aitzakiak, baina hor daude".
Topikoa da derbiak norgehiagoka bereziak direla. Are gehiago iazko entrenatzailea beste taldeko zuzendaria denean. 'Marea beltzak' Sito Alonso nola hartuko duen ikusteke dago: batzuek txaloka Bilbao Basketen egindako lana eskertuz, beste batzuek txistuka traidorea delakoan Baskoniarekin kontratua sinatu zuelako nahiz eta 2020ra arte 'beltzezko gizonekin' eta beharbada beste askok axolagabe. Kapitainari honen inguruan galdetuta, zalegoa subiranoa dela eta egiten duela egiten duela ondo egongo dela adierazi zuen.
Baskoniak ere ez du bere helburua bete, nahiz eta play-offetan egongo dela aspaldi ziurtatu zuen. Kantxa faktorea izan nahi du (lehenengo kanporaketan behintzat) eta ez dira Bilbao Arenara paseoan etorriko.
Ligako fase erregularreko azkenaurreko jardunaldiak euskal derbia dakar bere baitan. Iluntzeko 20:00etan.