Euskal Kopan garaile

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko ira. 5a, 09:00

Argazkia: Bilbao Basket

Durangoko Landako kiroldegian 83-81 gailendu zitzaion Bilbao Basket Gipuzkoa Basketi.

Orain dela bost urte izan zen Euskal Kopako azkeneko edizioa, eta herenegun berriz jokatu zen. Gogoratuko duzuenez, hiru urtez jarraian antolatu zen txapelketan ACBko hiru euskal taldeetako bat finalera sailkatzen zen (urtero bat) eta beste biek 'finalerdia' jokatu behar zuten. Agenda arazoak direla eta, aurten Baskoniak ezin izan du parte hartu, eta horregatik Euskal Kopak norgehiagoka bakarra izan du, azkenengo edizioko taldeekin.

Durangoko Landako kiroldegiko harmailak jendez mukuru zirela, berandu hasi zen lehia. Euskal ereserkia entzun eta Santurtzi Saskibaloi Taldeko ordezkariek LEB Zilarrean onartzeko pankarta bat erakutsi ostean (zaleek txalo zaparrada jaso zuten) arratsaldeko 18:00etan hastear zenean, 24 segundoko erlojuekin arazoak zeudela konturatu ziren. Ia ordu erdiz itxaron ondoren, lehia hasi zen, jabetza bukatzeko geratzen ziren segundoak ahoz esanda (eskola mailan jokatu eta mahaian akta eroaten ibili garenok urte batzuk atzera egin genituen Delorean bat hartu barik). Bigarren laurdenerako konponduta zegoen akatsa.

Aurredenboraldiko lehen partidua izan da eta hiru 'beltzezko gizonen' faltan (Tabu eta Hervelle Belgikarekin Eurobasketa jokatzen ari dira eta Redivo argentinarrak zilarrezko domina lortu berri du AmeriCupean Estatu Batuen aurka finala galdu ondoren) oso goiz da jokoaren analisi zorrotz bat egiteko eta ondorioak ateratzeko, baina jokalari berriek zertzelada batzuk utzi zituzten (Pere Tomasen 10 puntu eta 6 erreboteak, Ricardo Fisherren 9 puntu eta 8 asistentzia, Shane Hamminken 6 puntu eta 2 txapelak, Tim Kemptonen 4 puntu eta 7 erreboteak) eta taldean iaztik mantentzen direnen artean Dejan Todorovicek 21 puntu lortu zituen (seitik bost hiruko jaurtiketetan) eta Alex Mumbruk 16 puntu, 3 asistentzia eta 5 errekuperazio.

Gipuzkoarren aldetik, Swing eta Norelek 18na puntu lortu zituzten, Salvok 14 eta taldera bueltatu den Agbelesek eta Cheryk 10na puntu.

Lehiaketa ofiziala hasteko hilabete eskas falta denean, pieza berriak taldera ahalik eta lasterren egokitzeko modua da aurredenboraldia, eta larunbateko norgehiagoka egokitze prozesu hori hasteko modu oso ona izan zen.