Gazteen aldeko apostua. Aitor Zubizarreta azpeitiarraren ostean, Unai Mendikote sestaotarra fitxatu du Bilbao Basketek. 19 urte eta 1'98ko altuerako hegalak bere sorterriko Salleko taldean hasi zuen ibilbidea. Hortik Unamuno talde bilbotarrera egin zuen salto eta 2014. urtean Zaragoza aldera joan zen. Bertan ACBko bigarren taldearekin EBA eta zilarrezko LEB liga jokatu zituen; era berean lehen taldearekin aurredenboraldia egiteko aukera izan du. Kirol Zuzendaritzaren aburuz, Mendikote "fisikoki jokalari ona da eta oso langilea". Raul Lopezek zuzenduriko taldearen helburua "jokalaria etxean haztea da, eta egunen baten mailarik gorenera etxeko taldearekin iristea". Bizkaitarrak lau urteko kontratua sinatu du "beltzezko gizonekin", eta ikusteke dago utzita non jokatuko duen.
Aurredenboraldian laguntzeko bakarrik izan den arren, beste bi bizkaitar egon dira Carles Duranen aginduetara: Zornotzan jokatzen duen 22 urteko Joseba Estalayo leioatarra eta Santurtziren elastikoa defendatzen duen 23 urteko Jon Betolaza bilbotarra. Beraz, abuztuan lau izan ziren entrenatze ibili ziren bizkaitarrak (5 euskaldun Aitor Zubizarreta kontuan hartuta).
Jameel Mckayren agurra
Bilbon eman duen denbora oso eskasa izan da, abuztuaren 31n aurkeztu eta hilaren 14an ofizial egin baitzuten amerikarraren kontratu desegitea. Taldeak argitaratutako adierazpenean, bere agurra aspektu burokratikoengatik gertatu da. Fitxaketa nahiko egin dira udan zehar, eta denetan ezin asmatu. Ikusi beharko da beste pibot bat ekartzeko merkatua arakatuko den edo ez.
Euskal Koparen osteko norgehiagokak
Logroñon bi norgehiagoka jokatu zituzten Duranen mutilek. Lehenengoan Teneriferen aurka 78-94 galdu zuten (Todorovic 19 punturekin nabarmendu zen). Bigarrenean ordea, Zaragoza 68-63 jipoitu zuten (Redivo argentinarrak bere debutean 26 puntu, 2 errebote eta 3 asistentzia lortu zituen ia 23 minututan).
Asteburuan, Vilagarcia de Arousan 'Encestarías' txapelketaren hirugarren edizioan hirugarren postua lortu dute "beltzezko gizonek", ostiralean Obradoiroren aurka 106-98 galduta eta herenegun Joventuti 74-86 irabazi ostean.
Aurredenboraldiko azkenengo testa, Jerusalemeko Hapoelen aurka izango da ostegun honetan arratsaldeko zortzietan. La Casillan jokatuko den lehia taldearen aurkezpena izango da "marea beltzaren" aurrean eta aurkariaren baitan aurpegi ezagun bat egongo da: Fotis Katsikaris entrenatzailarena. Norgehiagokak gainera kutsu solidarioa izango du, izan ere, lortzen den dirua vastes.org elkarteari emango baitzaio. Diru-bilketaren erdia bizkaiko senideen hezkuntza laguntzarako (eskola materiala, elikadura...) bideratuko da eta beste erdia Latinoamerikara bidaliko da premiazko hezkuntza beharrizanei aurre egiteko. Sarrerak 8€tan (abonatuentzat) eta 10€tan (publikoarentzat).