643 norgehiagoka, 7.008 puntu, 2.370 errebote, 1.182 asistentzia, 832 hiruko, 579 lapurtutako baloi... hauek dira 1997ko irailaren 6an debutatu zuenetik pasa den maiatzera arte Alex Mumbruk pilatu dituen zenbaki batzuk; aurten zalantza barik handituko dituenak. Hor bai, 2017-2018 denboraldia bere azkena izango da kantxetan.
Bilbao Basketek bere sare sozialetan Arriaga Antzokian grabatutako bideo bat partekatu du. Bertan "beltzezko gizonen" kapitainak bere ibilbideaz ("eskolan hasi nintzen lagunekin eta apurka-apurka elitera hel nintzatekeela ikusten nuen. Honetaz gozatzen dudalako egon naiz hainbeste urtetan"), sostenguaz ("familia, bai nire gurasoak txikitatik partiduetara eroaten nindutelako, emaztea eta seme-alabak partiduen osteko haserrealdia edota poztasuna jasaten dituztelako eta eskolako patiotik ACBra heldu arte jokatzen ikusi nauten lagunak"), kapitainaren rolaz ("lehenengo eta behin beste taldekide baten modura ikusten dut nire burua, hori taldea egiteko baliogarria delako. Beteranoei euren ispilu izan naitekeela erakutsi nahi diet eta gazteei honetaz gozatzen irakatsi nahi diet, duten guztia emateko horrela etxera lasai itzultzeko. Urteak aurrera doaz eta konturatu barik atzo hasi zarela dirudienean, 20 urte egiten dituzu ligan; denbora aprobetxatu beharra dago") eta gure artean bizi izandakoaren laburpena egiten du Mumbruk ("ez nekien zenbat denborarako egongo nintzen hemen eta hilabete batzuk pasata, konturatu nintzen luzerako izango zela. Heldu nintzenetik tratua zoragarria izan da, nire etxea dela sentitzen dut. Denbora luzea daramat hemen, nire semeak Bilbon jaio ziren, euskaraz mintzatzen dira. Leku batean estimatua sentitzen zarenean leku horren parte zarela ikusten duzu zure burua eta gustuko dut hiri honen parte izatea"). Gogoratu beharra dago Mumbru 2009-2010eko denboraldian heldu zela, hau da, larunbatean hasiko den kurtsoa bederatzigarrena izango dela "beltzezko gizon" moduan.
Bideoa bukatzeko, bere agurraz mintzatzen da kataluniarra: "Denbora luzez pentsatu dut honetan. Beti nahi izan dut maila onenean egin nahi nuela. Momentu guztietaz gozatu, taldeak ahal duen denboraldirik onena egiten lagundu, Miribillari eta saskibaloiari modurik onenean agur esan nahi diot. Urte osoa dut horretarako").
Ez da sorpresa handia izan bere erretiroaren berria jakinda bere kontratua urte batez soilik luzatu duela, baina bai erabakia partekatzeko unea agian. Segurua dena hauxe da: "marea beltzak" norgehigoka guztietan bezala bere esfortzua eskertuko diola eta bere jokoarekin gozatuko duela beste urte batez. Ilusioz beterik dator denboraldi berria. Ez da triste jartzeko momentua... oraindik.