Amaitu ziren frogak eta joan den larunbatean Bilbao Basketek 2017-2018ko estreineko norgehigoka jokatu zuen Fuenlabradaren kontra, eta begi-bistakoa da "beltzezko gizonek" asko dutela hobetzeko. Egiari zor, hau hasi besterik ez da egin, eta hamabi jokalariren artean zazpi debutari (ez ACBn bakarrik; gehienentzat euren lehenengo abentura profesionala da) dituen talde bati, eta bi hilabete eskas batera entrenatu dutenei (Gladness orain dela bi aste heldu zen), lehenengo partidutik saskibaloi bikaina eskatzea ez da zilegizkoa. Erasoko sisteman arazoak sortzea eta defentsan akatsak egotea normala da.
Madrilgo hegoaldeko taldeak hasieratik hartu zuen lehiaren agindua eta hasieran lortutako aldea kudeatzearekin bakarrik nahikoa izan zen garaipena lortzeko. 23-8 irabazten joan zen lehenego laurdeneko momentu batean. Laurden bakoitzaren ostean elektronikoak zenbaki hauek eraktsi zituen: 26-16, 43-31, 62-47 eta bukaerako 82-68ra iritsi arte.
Hirugarren laurdenean zortzi puntura hurbildu zen Bilbao Basket, eta partidua amaitzeko lau minuturen faltan bederatzikoa zen diferentzia. Baina etxekoek ez zioten partiduari bizkar eman Eyenga, O'Leary eta Popovic gidari izan zituztela. Hirurek zenbaki bikoitzekin bukatu zuten. Lehenego biak kantxako bi zonetan jaun eta jabe izan ziren, eta hirugarrenak maisuki jokatuarazi zituen bere taldekideak.
"Beltzezko gizonen" artean Redivo argentinarra izan zen saskiratzaile nagusiena 12 puntu lortuta; Todorovicek 10 sartu zituen. Balorazioan Gladness amerikarra izan zen 10ekin onena (7 puntu eta 6 errebote).
Ez dirudi Bilbao Basket Real Madriden aurrean lehenengo garaipena lortzeko arerio egokiena, baina jokoan hobekuntzak sumatzeko eta talde sena lortzeko behintzat balio izango du. "Marea beltzaren" aurrean egoteak motibazioa izan behar du horretarako (kontrarioa nahikoa ez balitz). Lehia ostegunean iluntzeko 19:15ean izango da.