Hobeto, baina indar gabe

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko urr. 10a, 08:10

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Real Madrilen errotazio handiagoak Bilbao Basketen esfortzua ezerezean utzi zuen partiduko azkenengo bost minutuetan (80-87).

Nahiz eta porrota jaso, sentsazio ona utzi zuen joan den ostegunean Bilbao Basketek etxean jokatutako lehenengo partiduak. Fuenlabradaren aurkako lehiak zalantza asko sortu zituen zalegoaren artean, baina gehienak ezabatu ziren taldea lehenengo jardunaldian ez bezala, intentsitatez beterik kantxaratu baitzen.

Hervelle izan zen gidaria lehenengo minutuetan. Gerlari belgikarrak jaurtiketan asmatu zuen, eta “beltzezko gizonek” lehenengo abantailak lortu zituzten, 7-0, 10-2 eta 13-5. Lehenengo 10 minutuak 28-20 bukatu ziren etxekoen alde (hiru puntura hurbil ziren Lasorenek, 20-17 momentu batean).

Hamarrera igo zen diferentzia “marea beltzaren” pozerako Ricardo Fischer brasildarrak sartutako bi puntuekin, baina erabakiorra suertatuko zen Randolph agertu zen madrildarren mesedetarako. Esloveniarekin azkenenko Eurobasketean urrezko domina lortu duen jokalariak (Doncicekin batera) erraz saskiratzen zuen distantzia erditik, eta kanpotarrek markagailua irauli zuten (35-36), baina atsedenaldian elektronikoan 45-43koa azaltzen zen bilbotarren alde.

Aldagelatik igarotzeak on egin zion, batez ere Todorovici. Serbiarrak zazpi puntu lortu zituen erreskadan, berriz bederatzi puntuko aldea ezartzeko (52-43). Bigarren laurdenean gertatu zen moduan, kanpotarrek markagailuari buelta eman zioten. Eta berriro ere, etxekoen erantzuna egon zen; azkenengo hamar minutuak hasi baino lehen 62-60 agetzen zen markagailuan.

Real Madril boteretsua gainditzea posible zela uste zuten Bilbao Arenan bildutako 8.511 zale gehienek. Taldearen jokoa sendoa zen orokorrean, eta lehiari ez zioten aurpegia galtzen. Azken laurdenaren hasieran partzial txikiak lortu zituzten bi taldeek (0-4koa 62-64 jartzeko zuriek; berdina “beltzezko gizonek” 66-64koa jartzeko). Baina hor bukatu ziren indarrak. Erantzunik gabe, hamairu puntu lortuta, Lasorenek lehia apurtu zuten 66-77, eta hortik aurrera aldea kudeatzea besterik ez zuten egin. Hori bai, adorea erakutsi zuten “beltzezko gizonek”, eta bi minuturen faltan, bost puntura hurbildu ziren, eta posesioaren jabe ziren aldea askoz gehiago murrizteko, baina alferrikakoa izan zen. Amaieran, Bilbao Basket 80 Real Madril 87.

Zenbaki indibidualak aztertuz, Todorovic 15 punturekin izan zen saskiratzaile nagusia Bilbao Basketen. Bere atzetik, Redivo 14rekin eta Hervelle 13rekin (6 errebote hartu zituen, eta baloratuena izan zen taldean 17 punturekin). Nabarmentzekoa ere Tabuk emandako 11 asistentziak.

Real Madrilen aldetik, izen propioa Randolphena izan zen, 26 puntu eta 9 errebote lortuta. Beste esloveniarrak, Luca Doncic alegia, 13 puntu eta 8 erreboterekin joan zen etxera.

Bitxikaria moduan (ez zelako gauza handirik gertatu, zorionez) lehia hasi baino 45 minutu lehenago suhiltzaileak Miribilla aldean agertu ziren ke-erauzgailu batek ez zuelako ondo funtzionatzen. Sare sozialetan, umorez, batzuek “Miribillako infernua” inoiz baino errealagoa zela idatzi zuten.

Hobekuntza nabarmena izan zen Fuenlabradan ikusitakoarekin alderatuta, baina aurrean izen handiz beteriko taldea izan zuten (aipaturikoez aparte Causeur, Campazzo, Ayon...) eta indar gabe geratu ziren “beltzezko gizonak” egindako esfortzuaren ostean. Hori da bigarren jardunalditik atera daitekeen ondorio ona: taldeak posible duela edozein talderen aurka borrokatzea.