Progresioa egon da Bilbao Basketen jokoan. Nahiko apal hasi zuten denboraldia "beltzezko gizonek", bigarren lehian suspertzen hasi ziren, hirugarren jardunaldian garaile ateratzeko. Gainera, aurreko norgehiagoketan txukun aritu ziren jokalariek ez ezik izkutaturik zeuden beste batzuek ere aurrerapausoa eman zuten taldearen onurarako.
Markagailuan ageri zen 18nakoak ondo erakusten duen moduan, oso parekatua izan zen lehenengo laurdena. 4-10 galtzen ibili arren, etxekoek adorea erakutsi zuten diferentzia bertan behera uzteko. Ez hori bakarrik, izan ere, bigarren laurdenean aurretik jartzea ere lortu zuten (27-23). Hor etorri zen Duranen mutilen susperraldia: 0-9ko partziala eta aginte makila bereganatuta. Atsedenaldira 35-40 heldu ziren.
Hurrengo hamar minutuetan bilbotarren lehia hautsi zuten. Betisen uztaia txikitu egin zuten "beltzezko gizonek" 34 puntu lortuta. Etxeko taldearen ahuleziak baliatu zituzten Miribillakoek ia erabakiorra izango zen aldea lortzeko; 19 puntu goitik azken laurdena hastear zegoela (55-74).
Azkenego hamar minutetan diferentzia kudeatzen ibili zen Bilbao Basket. Erlaxatze puntu bat nabaritu zitzaion kanpoko taldeari eta horrek etxekoek markagailua txukuntzeko balio izan zuen, nahiz eta Duranen taldeari garaipena eskuetatik ihes egingo zion sentsaziorik ez egon. Amaieran Beris 86 Bilbao Basket 94.
Zenbaki bikoitzak lortu zituzten Bilbao Basketeko lau jokalarik: Tabuk 20, Hamminkek 16, Todorovicek 14 eta Mumbruk 12 (5 errebote ere harrapatu zituen). Puntu hauekin kapitainak Juan Antonio San Epifanio "Epi" mitikoak baino puntu gehiago lotu ditu ligaren historian eta sailkapenean 10. postua kendu dio Bartzelonaren jokalari handiari. Hervelle eta Gladnessek hartutako 7na erreboteak ere aipatzekoak dira.
Betisen aldetik Boungou-Colo 25 puntu eta 7 erreboterekin eta Ryan 19 puntu eta 6 erreboterekin nabarmendu ziren.
Ligako laugarren jardunaldian Bilbao Basketek Janis Blumsen Zaragoza izango du aurkari bi egun barru eguerdiko 12:30ean.
Argazkia: ACB Photo