Betisen aurka hasitako garaipenaren bideak jarraipena izan zuen Eurocupeko estreinaldiko norgehiagokan. Bilbo eta Vilniusen arteko bidaia luzea (Frantziako hegaldi kontrolatzaileen lanuztearen ondorioak) ez zen aitzakia izan eta ondo baino hobeto ekin zioten Duranen mutilek txapelketari.
Multzo faseetan lehenengo norgehiagoka irabaztea funtsezkoa dela esatea topikoa da. Baina jakinda Lietuvos Rytasekin batera, Alba Berlin, Partizan Belgrado, Lokomotiv Kuban eta Limoges daudela (aurtengo Eurocup izen handiz beterik dago, baita beste taldeetan ere) are garrantzitsuagoa ematen zuen garaipena lortzea. Eta hasieratik lanean jardun ziren zuriz jantzitako beltzezko gizonak. Rimas Kurtinaitis mitikoaren mutilek kanpotarren saskiratzei erantzuten zieten eta lehenengo laurdena 25-26 bukatu zen bilbotarren alde.
Bigarren laurdenean hasi zen Bilbao Basket lehenengo abantaila txikiak lortzen (lau eta sei punturen artean mugitu zirenak). Laurdenaren erdian iritsi zen partidua apurtu zuen partziala. 31-33 egotetik, 31-44 egotera. Ez zen hori bilbotarrek izan zuten alderik handiena, izan ere atsedenaldiaren ostean 19 puntukoa izatera heldu baitzen (36-55 23. minutuan).
Hortik aurrera eta talde jokoa baliatuz diferentzia kudeatzea besterik ez zen geratzen. Etxekoek partiduko azken bi minutuetan bost puntura murriztu zuten aldea eta markagailuari buelta emateko esperantzak izan zituzten arren, azkenean hamar puntuko errenta majoa lortu zuten beltzezko gizonek. Basket-average hori kontuan hartzekoa da lehenengo fasea bukatzerakoan, izan ere talde bi edo geghiagoren arteko berdinketan egotekotan horri erreparatzen zaio sailkapen postuak erabakitzeko orduan.
Talde-lana
Talde jokoa, hori izan zen garaipenaren gakoa. Horren erakuslerik garbiena Bilbao Basketen sei jokalarik lehia hamar puntu edo gehiagorekin bukatu zutela. Guztien gainetik Dejan Todorovic. Serbiarrak denboraldi hasiera bikaina darama eta 20 puntu eta 7 errebote lortu zituen.
Bere atzetik, Hervelle 13 puntu, Gladness 12 puntu eta 7 errebote, Tomas 11 puntu eta, Tabu eta Kempton 10 punturekin agertzen dira. Etxeko taldean, berriz, Mavrokefalidis eta Baron izan ziren onenak 15na punturekin.
Eurocupeko bigarren jardunaldian Bilbao Basketek Limoges hartuko du Bilbao Arenan hilaren 18an iluntzeko 20:30ean.