Aste borobila

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko urr. 16a, 21:00

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Asko sufrituta eta partiduko azken bost minututan 15-0eko partzial bat baliatuta, Bilbao Basket Zaragozari gailendu zitzaion (77-72) eta, horrenbestez, azkenengo zazpi egunetan jokaturiko hiru lehiak irabaztea lortu du.

Bilbao Arenara hurbildu ziren 7.803 zaleek eguerdi lasaia izango zela uste bazuten ez zen halakorik gertatu, emozioz beteriko norgehiagoka izan baitzen. Kalean ez bezala, hotz kantxaratu ziren beltzezko gizonak eta, Bellas gidari (11 puntu hasierako laurdenean), Zaragozak lehenengo abantailak hartu zituen markagailuan (0-6, 2-11, 7-16). Lehen laurdena bukatzeko gutxiren faltan, hamar puntukoa izan zen kanpotarrek lortu zuten abantaila, baina Mumbruren hiruko bati ezker 18-25 amaitu ziren lehenengo hamar minutuak.

Kontrako norabidea hartu zuen lehiak bigarren laurdenean, nahiz eta lehenengo saskiratzea Cuspineraren mutilek lortu zuten. Defentsa zorrotzagoa egin zuten Duranenek eta erasoan bidea aurkitu zuten. Bankutik aterata, Kemptonek zazpi puntu lortu zituen (lan txukuna egin zuen amerikarrak oro har). Joko oso ona erakutsi zuten bilbotarrek, aldageletara joateko unea elektronikoan goitik bukatuz, 38-35 (20-10 bigarren laurdenean).

Dinamika positiboak jarraipena izan zuen atsedenalditik bueltan, eta beltzezko gizonak aldea handitzen joan ziren apurka-apurka. Abantaila zortzi puntukoa izatera iritsi zen, 47-39. Lehia kontrolpean zegoela zirudien eta, hori baliatuz, Duranek taldeari freskotasuna emateko lau aldaketa egin zituen, ia batera, baina mugimenduak ez zuen entrenatzaileak nahi zuen helburua lortu. Izan ere, Zaragozaren susperraldia heldu baitzen. Nolakoa gainera, 2-13koa, markagailuari buelta emateko. Laurdena dena den bilbotarren alde bukatu zen 54-53.

Dena erabakitzeke azkenengo hamar minututan. Bilbotarrentzat bigarren garaipena edo estrainekoa kanpotarrentzat. Hirugarren laurdeneko dinamika jarraituz, Zaragozak ideiak argiago izan zituen eta, Blums gidari (11 puntu bost minututan), 62-72koa ageri zen elektronikoan norgehiagoka bukatzeko bost minuturen faltan. Etxekoek hutsartea eskatu ondoren, Tabu eta Hervelle izan ziren taldearen argia erasoan, 7 eta 5 puntu lortuta hurrenez-hurren. Miribillako marea beltzak defentsan seigarren jokalaria bailitzan presioa sartu zuen burrunba eta iskanbila sortuaz eta, beste behin, ikusi zen saskibaloian azkenengo segundora arte ezer ez dela segurua eta edozer gerta daitekeela (kontrakoa gertatu zitzaion Bilbao Basketi Real Madrilen aurkako partiduan adibidez). Aste borobil eta oparoa suertatu da azkenengoa beltzezko gizonentzat.

Estatistika indibidualei erreparatuz, Tabu (17 puntu, 4 errebote eta 4 asistentzia) Todorovic (11 puntu eta 4 errebote) eta Mumbru (10 puntu, 8 errebote eta 3 asistentzia) izan ziren onenak. Aipatzekoak ere Gladnessen 8 puntu eta 8 erreboteak eta Hervellen 7 puntuak (arestian aipatu bezala, horietako bost azkenengo txanpan lorturikoak).

Zaragozan onenak Bellas (13 puntu, horietarik hamaika lehenengo laurdenean eta, 5 asistentzia), Varnado (12 puntu eta 8 errebote) eta Janis Blums (13 puntu). Letoniarraren inguruan ere nabarmentzekoa izan zen marea beltzak eskaini zion harrera eta agurra. Bilboko zalegoak ez du ahazten 2008tik 2012ra Blumsek Bilbao Basketi eman ziona, eta txalo zaparrada amaigabeekin jakinarazi zion. Jokalariak txaloekin, eskua  bihotz aldean jarriaz eta hirukoak sartu ostean egiten zuen keinua (eskuin eskumuturra bekokiaren aurka jo) errepikatuz eskertu zuen jendearen berotasuna.

Hurrengo jardunaldian Bilbao Basketek Tenerifera egingo du bidaia. Larunbatean arratsadeko 19:00etan (Bilboko ordutegia) emango zaio hasiera norgehiagokari.