Akatsak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko urr. 27a, 10:49
Hervelle lehian

Azken laurdenean galdu zuen Bilbao Basketek Eurocupen bigarren garaipena lortzeko aukera (92-96). 

Oso zaila egiten da etxean irabaztea 90 puntu edo gehiago hartuta; ezinekoa ez, kasuak ematen direlako noizbehinka, baina oso nekeza suertatzen da. Pasa den astean Limoges talde frantziarrak 98 puntu lortu zituen, Partizanek, berriz, 96. Puntu sorta hartzea defentsa ahul baten ondorio zuzena da eta irabazteko erasoan zorrotz eta ia jaurtiketa guztiak sartzea besterik ez da geratzen. Orain arte, lehiaketa europarrean jokaturiko etxeko bi lehiak akats berdinak egiteagatik galdu dituzte beltzezko gizonek.

NIzan ere, partida ez zen batere txarto hasi talde bilbotarrarentzat. Azken norgehiagoketan ez bezela, taldea ez zen hotz eta lasai kantxaratu. Talde serbiarra ez zela gurera arratsalde pasa etorri berehala ikusi zen. Nahiz eta multzoko azkena izan eta garaipenik gabe egon, ondo ekin zioten hasieratik.

Gauzak horrela, parekatua hasi zen bi taldeen arteko lehia. Lehen laurdeneko erdialdea arte ez zuen Bilbao Basketek hiruzpalau puntuko aldea lortu, Hervelle gidari zutela. Gerlari belgikarrrak zazpi puntu lortu zituen lehenengo hamar minutuetan. Aldea murrizten eta zabaltzen zuten bi taldeek saskiratzeak bi aldeetan ematen baitziren. 26-21 bukatu zen lehenengo laurdena.

Bigarren laurdenaren hasieran, tamalez, talde bilbotarraren lehenengo gainbehera etorri zen. Serbiarrak, William-Gossen eskutik, 3-10eko partziala lortu zuten. Carles Duranek hutsartea eskatu zuen eta horren ostean taldea berpiztu zen. Fischerrek eta Todorovicen eskutik (serbiarrak denboraldi hasiera ikaragarria egiten jarraitzen du) beltzezko gizonak aldageletako bidea elektronikoan aurretik joatea ahalbidetu zuten (49-42).

Partidu hasieran ez bezala, hamabost minutuko atsedenaldiaren ostean hotz bueltatu zen Bilbao Basket kantxara, eta horren ondorioz bigarren gainbehera etorri zen. Velickovic, Marcinkovic eta Aratinovicen artean 2-19ko partziala lortu zuten, markagailuan 51-54 jarriz. Redivo eta Tomas agertu ziren momentu horretan, bi hiruko sartuta argentinarrak eta biko bat lortuz balearretakoa. Serbiarrak, ez zuten amore ematen, nahiz eta beltzezko gizonek euren erreazkzioa moztu zuten. Saskiratzeak eman ziren bi aldeetan eta hirugarren laurdena 68-66 bukatu zen etxekoen alde. Garaipena lortzeko esperantza zegoen marea beltzaren artean.

Baina, kanpotarrek hirugarrenez puntu sorta handia pilatu zuten. Bilbotarrak, berriz, erreakzio gabe gelditu ziren; defentsan berdin zen zonakakoa edo banakakoa. Erasoan, talde jokoa erabat desagertu zen. Une horretan, Hervellek aginte makila hartu zuen berriro, eta azkenengo minutuetan emozioa jarri zuen (82-84 markagailuan). Burua hotz mantendu behar den momentu erabakiorretan, beltzezko gizonak beroegi agertu ziren, hirukoak behin eta berriz jaurtiaz, agian bikoekin lehia estutzea komeni zenean.

Lehia irabazteko grinak jokalariak itsuarazten ditu askotan eta hori gertatu zen herenegun. Partizanek bere horretan jarraitu zuen eta azkenean Miribillan bildutako 4.000 zale pasatxoren etsipenerako, pasa den astean bezela, garaipenak, Ken Zazpiren abesti ospetsuak esaten duen moduan, eskuen artetik ihes egin zuen.

21 puntu eta 6 errebote lortuta, Hervelle izan zen beltzezko gizonen artean onena. Berarekin batera, Todorovic 17 punutekin, Redivo 13rekin eta Tomas 12 puntu eta 7 erreboterekin nabarmendu ziren.

Serbiarren artean, William-Goss 27 puntu eta 8 erreboteekin eta Velickovic 19 puntu eta 8 erreboteekin izan ziren onenak.

Eurocupeko laugarren jardunaldian Lokomotiv Kubani egingo dio bisita Bilbao Basketek azaroaren 1ean. Aurretik, ligan, Gipuzkoa Basketen kontra jokatu beharko du igandean eguerdiko 12:30etan Illunben, Tenerifen pairatutako porrota ahazteko asmorekin.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga