Garaipen landua

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko urr. 30a, 20:58

Argazkia: ACB Photo

Jardunaldiko jokalaria izendatu duten Dejan Todorovicen gidaritzak euskal derbia irabaztera eroan zuen Bilbao Basket (87-91).

Euskal Kopa kontuan hartuta, joan den igandekoa denboraldi honetan gipuzkoar eta bilbotarrek elkarren kontra jokatzen zuten bigarren aldia zen. Bi taldeek sailkapenean 2-3ko balantzearekin eta azken jardunaldian pairatutako porrotak ahazteko asmoz iritsi ziren euskal derbira (etxekoak Baskoniaren aurka azkenengo segundoan galdu zuten eta bilbotarrek ez zuten aukerarik izan Teneriferen kontra). Orekatua hasi zen norgehiagoka, defentsan enfasia jarriz bai Fisac bai Duranen mutilek. Lehenengo hamar minutuak jokatuta, markagailua izan zen horren adierazgarririk garbiena: 11-16.

Beste martxa bat sartu zuten zuri-gorriz jantzita zeudenek, Redivok batez ere. Argentinarrak bankutik atera eta segidan 10 puntu sartu zituen, markagailuan 14-26koa ezarriz. Aldea aitaren baten handitu zuten bilbotarrek, gipuzkoarren ahuleziak baliatuz. Defentsan sendo jarraitzen zuten beltzezko gizonek eta Todorovicen agerpenak aldea hamabost puntura handitu zuen atsedenaldira heldu aurretik (28-43, 17-27 bigarren laurdena bakarrik kontuan hartuta).

Aldageletatik bueltan, etxekoek Cheryren eskutik (Norel ez zen lehenengo jardunaldietako jokalari boteretsua izan) aldea zortzi puntura murriztea lortu zuten. Hamabost minutuko atsedenaldiak onura ekarri zion Fisacen taldeari. Hirugarren laurdeneko lehenengo minutuetan ideiak argitu zituzten bai defentsan bai erasoan ere eta apurka-apurka lehian sartzea lortu zuten gipuzkoarrak. Bilbotarren momenturik txarrenean (txarragoak etorriko ziren) Mumbru agertu zen. Kapitainaren eskutik berriz ere 15eko aldea erakusten zuen elektronikoak (55-70; 27na laurdenean).

Lehiak ia erabakita zegoela zirudien; beltzezko gizonek aldea kudeatzea besterik ez zuten. Baina etxekoek grina erakutsi zuten egoera aldatzeko. Fisacen kaleratzeak (bi teknika jaso zituen) bere jokalariak suspertu zituen. Norel, Swing eta Cheryk Gipuzkoa Basketen puntuak pilatzen zituzten eta, Bilbao Basketentzat Mumbru, Hervelle eta Todorovicek lortutako hirukoek lasaitasuna ekarrriko zutela zirudien arren, etxekoek ez zuten zeregina erraztu. Van Lackeren biko batek eta Clarken hiruko batek bi puntura hurbildu zuen bere taldea, norgehiagoka bukatzeko 26 segundoren faltan. Bilbotarren lasaitasunerako, Todorovicek bi jaurtiketa libre sartu zituen, eta garaipena bereganatu zuten beltzezko gizonek, zirudiena baino landuagoa agian (87-91; 32-21 laurdena).

Partiduko eta jardunaldiko izarra Dejan Todorovic izan zen. Serbiarrak 22 puntu, 6 errebote eta 2 asistentzia, 28ko balorazioa lortu zituen. Hogei zenbakidunarekin batera, Mumbru (15 puntu, 6 errebote), Redivo (14 puntu) eta Hervelle (10 puntu, 5 errebote) nabarmendu ziren.

Gipuzkoarren artean, Chery eta Swing izan ziren onenak; 20 puntu lortu zituen lehenak eta 19 puntu eta 6 errebote bigarrenak.

Ligako hurrengo lehia Bartzelonaren aurka jokatuko du Bilbao Basketek igandean arratsaldeko 18:00etan. Sito Alonsoren taldeak igandean Murtziaren aurka galdu zuen Palaun, 91-94. Horren aurretik, Eurocupeko laugarren jardunaldiari dagokion norgehiagoka jokatuko du Krasnodarren Lokomotiv Kubanen aurka arratsaldeko 18:00etan (ETB1en ikusgai).