Aukerarik ez

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko aza. 7a, 09:01

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Emaitzak argi erakusten du Bartzelona partiduaren jaun eta jabe izan zela (83-104).

Sei minutu eta erdi inguru. Denbora horretan bukatu zen partidua Bartzelonak 7-24ko partziala lortu baitzuen. Hortik aurrera norgehiagokak ez zuen emoziorik izan; beltzezko gizonen defentsa ahula eta kanpotarrek erasoko jokoan izandako argitasuna eta portzentaje altuak (%71 biko jaurtiketetan, 35etik 25 eta %56 hirukoetan, 25etik 14)  izan ziren Sito Alonsoren mutilen garaipenaren gakoak. Sei jokalarik 10na puntu baino gehiago lortzea da horren erakuslerik nabarmenena: Hanga (15), Seraphin (14), Heurtel (13; baita 10 asistentzia), Navarro, Moerman (12na puntu) eta Pressey (10).

Bilbao Basketen ere lau jokalarik 10 puntu baino gehiago lortu zituzten (Redivok 18, Mumbruk 16 gehi 5 errebote eta 3 asistentzia, Fischerrek 12 gehi 4 asistentzia eta, Todorovicek 11 puntu gehi 5 errebote). Zenbaki horiekin normalean lehia norbere aldekoa izan ohi da, baina aurrean dagoen taldeak aurretik aipatutako zenbaki ikaragarri horiek lortzen baditu ez dago zereginik.

Bilbao Basket eta Bartzelonaren artean dagoen aldea zeharo nabarmena da, eta logikaren barruan zegoen atzo gertatu zena, hau da, beltzezko gizonen porrota. Kezkagarria dena hurrengoa da: bi lehiaketak kontuan izanda, azkenengo boladan 90 puntu baino gehiago jaso dituzte Carles Duranen mutilek (Limogesek 98, Partizanek 96, Lokomotiv Kubanek pasa den asteazkenean 102; apostu guztiak bilbotarren kontra zeuden lehian eta atzoko 104 puntuak) eta horrela nekez irabazten dira partiduak. Txanponak bi alde ditu eta kasu honetan arerioen portzentajeak dira porroten arrazoietako bat. Bestea norberak defentsan erakusten duen sendotasuna, eta hor bilbotarrak denboraldi hasiera honetan ez daude batere fin. Ligan arazorik ez izateko denbora soberan dago egoera txukuntzeko, baina Eurocupen ez hainbeste (egiari zor, garrantziarik handiena duen lehiaketa liga da, astean zehar jokatzea asteburuetan egindako lanaren ondorioa baita).

Hauek dira Bilbao Basketek aste honetan dituen norgehiagokak: Eurocuparen bosgarren jardunaldiaren barruan, asteazkenean Aito Garcia Renesesek zuzendutako Alba Berlin izango du aurkari Bilbao Arenan eta, igandean ligaren zortzigarren jardunaldiaren barruan, Txus Vidorretaren Valentzia izango du bisitari. Iazko txapeldunaren aurkako lehia eguerdiko 12:30ean izango da.