Hau da bidea

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko aza. 14a, 08:49

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Jardunaldiko ezustekoa emateko zorian egon ziren beltzezko gizonak (77-81).

Balentria ikaragarria atzamar puntekin ikutu zuen joan den igandean Bilbao Basketek iazko txapeldunaren aurka. Azken minutuan egindako akats txiki batzuengatik izan ez balitz, meritu handiko eta taldearen animoan susperraldia eragingo zukeen garaipena lortzeko gutxi falta izan zitzaion talde bilbotarrari.

Izan ere, azkenengo boladan marea beltzak eskatzen zuena eman dute Carles Duranen mutilek: intentsitatea, grina, borroka. Osagai horiek batuta, defentsa zorrotzagoa izan zen, errebotean, ez zen ia alderik egon, eta erasoan sistemak garbiago atera ziren. Hori bai, Valentzia bezalako talde baten aurka garaipena lortzeko hasieratik bukaerara buru-belarri ibili beharra dago. Eta azken minutuan akats txiki batzuek erabaki zuten lehia.

Markagailua laurdenka aztertuz gero, hauek izan ziren partzialak: 15-19, 21-15, 14-12 eta 27-35. Azkenengo laurdeneko puntu sorta, azkenengo minutuetako jaurtiketa libreei egotzi behar zaio. Atsedenaldira bi puntu goitik (36-34) eta azkenengo laurdenera (50-46) lau puntu goitik joan ziren beltzezko gizonak, eta garaipena posiblea zela ikusi zuten Bilbao Arenan bildutako ia 8.000 zaleek. Eguerdiko 12:30ean inork gutxik espero zuena ia errealitate bihurtu zen.

Defentsan talde lana goraipatzekoa da. Laguntza konstanteak egon ziren bi baten kontrako egoerak sortaraziz eta errebotea bereganatuz, eta kanpotarren baloi galtzeak eraginez. Hori bai, presioak batzuetan Vidorretaren mutiletako bat bakarrik egotea ahalbidetzen zuen bai saskipean, bai 6'75ko marratik saskiratzeko.

Erasoan hiru jokalari nabarmendu ziren: Todorovicek 16 puntu lortu zituen (9tik 5 hiruko), Gladnessek 15 puntu eta 8 errebote (beltzezko gizona denetik bere partidurik onena) eta Mumbruk 13 puntu. Tomas eta Tabuk lortutako 5na erreboteak eta Fischerren 4 asistentziak ere aipatzekoak dira.

Talde taronjaren aldetik, izarrak Green 19 punturekin eta 11na puntu lortu zituzten Sastre, San Emeterio eta Doonerkamp izan ziren.  

Ligako hurrengo partidua Murtzian izango du Bilbao Basketek. Historikoki ez da oso kantxa ona bilbotarrentzat. Murtziarrek Burgosen kontra galdu zuten larunbatean etxetik kanpo. Igandean eguerdiko 12:30ean hasiko da norgehiagoka.

Aurretik, Eurocupem jokatu beaharreko final kutsua duen lehenengo lehia izango dute beltzezko gizonek. ETB1eko kamerak lekuko direla. Lietuvos Ritas talde lituaniarra izango du aurkari Bilbao Arenan. Igandean bezala jokatuta, garaipenak etxean geratu beharko luke, bidea hori baita.