Zelan aldatzen diren gauzak. Pasa den astean, nahiz eta ligako noirgehiagoka galdu, baikorrak izateko arrazoiak zituzten Bilbao Basketeko zaleek kantxan ikusitako aldaketak kontuan izanda. Baina denbora gitxian, zalantzak bueltatu dira eta denboraldi hasierako egoerara bueltatu dira.
Azkenengo bi porrotek gidoi berbera izan dute: hasiera nahiko ona (puntuak pilatu, markagailuan aurretik) baina, nahiz eta aukerak izan, alde handiak lortu ezinik bi partidetan. Horrez gain, akats propioengatik eta kontzentrazio ezagatik hirugarren laurdenean aurkarien partzial handiak jaso dituzte, gero azken hamar minutuetan nahi eta ezinean ibiltzeko.
Europaren ateak iztear
Lietuvos Rytas talde lituaniarraren kontra bi izan ziren gainbehera horiek; bigarren laurdenan 0-12koa jaso ondoren nahiko ondo suspertu ziren beltzezko gizonak atsedenaldiaren ostean markagailuari buelta emanda. Baina, hirugarren laurdeneko bigarren zatian, 4-17ko partzial batek apurtu zuen norgehiagoka. Eurocupeko sei jardunaldien ostean, 1-5eko balantzearekin C multzoko azken aurreko postuan daude Duranen mutilak (Partizan Belgradoren garaipen kopuru berdinarekin).
Egoeraren alderik ilunena hurrengoa da: galdutako bost lehia horietatik lau Miribillan izan direla (bestea Lokomotiv Kubanen aurka etxetik at). Txapelketan jarraitzeko, kanpoan Limogesen eta Partizanen aurka irabaztea ezinbestekoa da eta, hori nahikoa ez balitz, basket-averageari buelta ematea (-7 frantziarrekin eta -4 serbiarren kasuan). Ezinezkoa ez den arren, oso zail jarri zaizkio gauzak Bilbao Basketi kontinente zaharrean ibilbdea egiten jarraitzeko.
Hogeitalau baloi galduta nekez irabazi daiteke partidu bat
Murtziaren aurka, lehen esan dudan bezala, nahiko ondo hasi zuten lehia beltzezko gizonek, hasieran 2-12ko aldea lortuta. Lehen laurdena 17-23 bukatu zen eta bigarren laurdeneko hirugarren minutuan elektronikoak 19-30koa erakusten zuen.
Duranen mutilek norgehiagoka euren alde apurtzeko aukera ezinhobea zirudien unea, baina atsedenaldian 40-42 jartzen zuen markagailuan. Eta, berriro ere, hirugarren laurden “madarikatua”: 20-8 hamar minutu horietan eta bilbotarrak ezinean 60-50eko horri buelta emateko. Beltzezko gizonik onenak Mumbru eta Tomas izan ziren 17na puntu lortuta. Murtziaren aldetik Sokok 20 puntu lortu zituen eta Olesonek 19.
Tim Kemptonen ordezkoa
23 urte eta 2’04ko Devin Thomas amerikarra da beltzezko gizon berria. Denboralid honetarako dator eta 4-5 postuan jokatzen du. Kirol zuzendaritzaren arabera, “nahiz eta oso altua ez izan erreboteak pilatzen abila da. Jokalari ezkertis zonan ondo mugitzen da”. Turkian ibili zen iaz eta, hortaz, hau ez da etxetik kanpo duen lehenengo esperientzia.
Kolektiboaren bultzada
Historikoki Bilbao Basketen indarra jokalari, tekniko eta zalegoaren batasuna izan da, denek alde berdinera egin dute momentu onenetan eta baita txarrenetan ere. Eurocupeko azken partiduan entrenatzaileak txistu hots nabarmena entzun zuen partidua amaituta. Zaletuek euren iritzia emateko libre dira (dudarik ez) eta taldearen norabidea ikusita pazientzia galtzen hastea normaltzat jo daiteke, baina agian horrek ez dio inori mesederik egiten.
Mumbru kapitainak sare sozialetan animo mezuak bota ditu egoerari buelta emango diela eta borrokan jarriatuko dutela adieraziz. Jendeak ez du Bilbao Arenarako bidea ahaztu (ligan behintzat 8500 pertsona inguru biltzen dira; astean zehar, ordea, erdia bakarrik joaten dira. Agian ordua, 20:30ak, berandu xamar delako hurrengo egunean goiz altzatu behar dutenentzako, edo agian etxeko berotasunean telebistaz ikusi ahal direlako Eurocupeko lehiak...) eta hori oso garrantzitsua da. Denen bultzada ezinbestekoa suertatzen da Bilbao Basketek gora egin dezan eta, helburu handiak lortzen ez badira ere, denboraldia lasaiagoa izateko.
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga