Goizegi ondorioak ateratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko abe. 4a, 22:07

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga

Bilbao Basketen partidu txar baten ostean, Burgosek Miribillatik garaipena merezimenduz etxera eroan zuen (62-78).

Goibel eta kopetilun. Bilbao Basketek ez dio momentuz egoerari buelta emateko bidea aurkitu eta Burgosek (gurera etorritako 600 zaleen poztasunerako) irabazi zuen partidua Corey Fisher gidari zutela. Joko antolatzaile amerikarrrak 24 puntu eskuratu zituen, jaurtiketetan portzentaje ia perfektuak lortuz (3/3 jaurtiketa libreetan, 6/6 bikoetan eta 5/3 hirukoetan). Berarekin batera Gailius 11 puntu lortuta eta Saiz 10ekin nabarmendu ziren.

Beltzezko gizonen artean, 16 puntu eta 7 errebote hartuta Mumbru izan zen besteen gainetik nabarmendu zena. Kapitainen zenbakietatik urrun, Fischer eta Todorovicek 9na puntu, eta Thomas beltzezko gizon berriak 8 lortu zituen. 

18-18, 11-15, 20-23 eta 13-22. Horiek izan ziren atzoko norgehiagokan laurden bakoitzean taldeek lortu zituzten puntuak. Lehia apurtu zuen puntu-sorta Burgosek lortu zuen: 21-18tik 21-31ra. Bilbao Basketek ez zuen erasoan jokorik erakusten, eta kanpotarrak jaurtiketak erraz sartu zituzten. Ez bakarrik 0-13 horretan, lehia osoan zehar Diego Epifanioren mutilak sendo eta eroso ibili ziren. Bilbao Basketek hiru garaipeneko zuloa izan zitekeena, bakar batekoa da gaur bilbotarren eta Burgosekoen artean sailkapeneko beheko partean. 

Asteartean heldu zen eta egun berean aurkeztu zuten Veljko Mrsic. Aste bakar batean nekez alda daiteke talde baten dinamika (ezinezkoa ez esatearren). Entrenatzaile bakoitzak bere liburuxka du, sistemak patxadaz landu behar dira horiek ahalik eta hoberen ikasi eta aurrera eramateko. Gauza bera gertatzen da Devin Thomasekin; entrenatzaile berriaz aparte, liga berria du amerikarrak txapelketako erritmora eta bere taldekideei egokitzeko. Zortzi puntu eskuratu zituen bere estreineko lehian. Atzoko norgehiagokatik ezin da ondoriorik atera, goizegi da hori egiteko. 

Normalean ez dut nire amorrua helarazten baina atzo gertatutakoa ez nuen batere gustuko izan; nahiko haserretu ninduen. Partidua bukatzeko bi minuturen faltan zale askok irteerarako bidea hartu zuten. Oso erraza da zale izatea gazuak ondo doazenean; atzoko partiduan zein aurtengo denboraldian animoak inoiz baino beharrezkogoak dira.

Ligako hurrengo arerioak ez dirudi egokiena dinamika txarrari amaiera emateko. Izan ere hurrengo jardunaldian beltzezko gizonak Baskoniaren kontra arituko dira Gasteizen larunbatean arratsaldeko 19:00etan. Baina are garrantzitsua den norgehiagoka jokatuko du bihar Bilbao Basketek. Arratsaldeko 20:00etan Limoges talde frantziarrari egingo dio bisita Eurocupen bizirik irauteko dituen aukera apurrak mantentzeko asmoz.