Aukerak murriztuz doaz

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko abe. 6a, 12:58

Argazkia: photo Limoges/Olivier Sarre

Limogesen aurkako porrotaren ostean (86-74), Top16a jokatzeko aukera ematen duen laugarren postua bi garaipenetara dago, lehenengo fasea amaitzeko hiru jardunaldiren faltan.

Europan jarraitzea zail dago. Egiari zor, Limogesen lehia hasi baino lehen aukerak ez ziren asko, baina beltzezko gizonek garaipena lortu balute frantziarrek adina puntu izango lituzkete sailkapenean (irabazteaz aparte, zortzi puntugatik gailendu beharra zegoen egoera txarrari buelta emateko). Baina frantziarren fisikoari ezin izan zioten aurre egin Mrsicen mutilek.

Burgosen aurkako norgehiagokarekin alderatuta, aldaketak egon ziren bilbotarren jokoan. Intentsitate handiagoarekin kantxaratu ziren, eta lehenengo laupabost minutuetan erakutsi zuten defentsa izan zen horren isla. Erasoan, ordea, denbora tarte berdinean ez ziren fin ibili, eta puntu gutxi ikusi ziren. Hortik aurrera etxekoek, hain gustuko duten joko arina lantzen hasi ziren, eta saskiratze errazak lortu zituzten. Bilbotarrek ez zuten amore eman, eta lehenengo hamar minutuak 22-20 bukatu ziren. Joan den igandeko jokoa zein izan zen ikusita, pozik egoteko moduko jarrera zen beltzezko gizonek erakusten ari zirena.

Baina bigarren laurdenean aurrekoan egindakoa ezerezean gelditu zen: 24-10. Etxekoek berdin jokatzen jarraitu zuten eta, hori gutxi ez balitz, Bilbao Basketen hutsak behartu zituzten defentsan intentsitatea igoz. Hamar minutu horietan denboraldi osoko Bilbao Basket ikusi zen tamalez: erasoko errekurtso gutxi eta erraztasunak ematen dituen defentsa. Eta hori ahalbidetu zuen Limogesek elektronikoan ihes egiteko. Atsedenaldian, ia erabakiorra zen 16 puntuko aldea zegoen (46-30).

Hirugarren laurdenean, ordura arte gutxitan ikusitakoa gertatu zen. Bilbao Basketek ez zuen amore eman, nahiz eta aldea 18 puntura igo zen. Hammink, Mumbru, Pere Tomas eta Salgadoren hirukoei esker aldea murrizten joan zen. Santutxukoak (igandean gertatu bezala) minutuak izan zituen, Taburen lesioa dela eta, eta bere gidaritzapean taldeak hobeto jokatu zuen hirugarren laurdenean. Bost puntura hurbiltzea lortu zuten Mrsicenek, Fischerren 2+1ekin, laurdena bukatzear zela, baina etxekoek bi saskiratze lortu zituzten, eta hor bukatu zen partiduari buelta emateko esperantza (62-53).

Izan ere, laugarren laurdenean Gibson eta Howarden saskiraketek bere taldea berriz aupatu zuten, berriro aldea 18 puntutan jarrita (81-63). Azken minutuetan egindako ahalegina alferrikakoa izan zen. Amaieran 86-74, seigarren porrota segidan zazpi jardunaldietan. Txapelketan jarraitzeko aukerak oso urriak dira.

Mumbru eta Hammink nabarmendu ziren. Kapitaina 16 puntu, 8 errebote eta 5 asistentzirekin, eta holandarra 14 puntu eta 7 erreboterekin. Salgadok 4 sistentzia banatu zituen. Etxekoen artean, Carter (16 puntu), Howard (14) Conklin (11) eta Bouteille (10) izan ziren onenak. Gibsonek banatutako zazpi asistentziak kontuan hartzekoak dira baita. 

Norgehiagokak irabazteaz aparte, beste emaitzen menpe dago Bilbao Basket. Belgradon datorren astean jokatu beharreko lehia bost puntugatik irabazi behar du, bestela lehenengo faseko azken bi norgehiagokek ez dute beltzezko gizonentzat garrantziarik izango. ETB1en ikusgai izango den partidua datorren asteazkenean izango da arratsaldeko 20:00etan. Horren aurretik, euskal derbia izango dugu larunbatean ACB ligako hamaikagarren jardunaldiaren barruan. Gasteizen jokatuko da arratsaldeko 19:00etan.