Bilbao Basketen borroka beste bat da

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2017ko abe. 11a, 20:16

Argazkia: ACB Photo

Lehenengo zatian erakutsitako kemena ez zen nahikoa izan. Baskoniak bigarren zatian erabaki zuen lehia (94-71).

Uka ezina da goiko postuetan dauden talde boteretsuak mendean hartzea gauza handia dela, hurrengo partiduak animo hobearekin prestatzeko eta motibazioa biderkatzeko oso baliagarriak. Baina irabazi beharreko lehiak beste batzuk dira, liga berdinean jokatzen duten taldeen kontrakoak alegia. Bilbao Basketen borroka beste bat da, ez atzokoa bezalako norgehiagokak.

Uka ezinezkoa da baita (eta topikoetan sartuta oso) derbiak derbi direla, eta intentsitate gehiago jartzen dutela jokalariek euren barnean duten onena plazaratzeko. Eta hori bera gertatu zen atzo Buesa Arenana. Zuri-gorriz jokatu zuten beltzeko gizonek hasieratik adorea eta kemena erakutsi zuten, eta nahiz eta arabarrak alde egiten saiatu, bilbotarrek ez zuten amore eman, lehenengo laurdena 21na bukatuz. Elektronikoan goitik jjarri ziren Redivoren bi hirukoei esker. Etxekoek arma berdinarekin erantzun zuten. Itzela paritdu amaieran Pedro Martinezek lorturiko portzentaia 6'75 metroko marratik (30tik 16, %53a). Hori gitxi balitz, etxekoek bilbotarren akatsak aprobetxatu zituzten puntuak pilatzen hasteko eta atsedenaldira zazpi puntuko abantailarekin joateko (43-36).

Bigarren zatiak kolore gorri eta urdina izan zuen inolako zalantza barik. Janning amerikarraren gidaritzapean, arabarrak aldea handitzen joan ziren hirugarren laurdenean lehenengo zulo handia irekiz (67-53 hogeita hamar minutuen amaieran), lehia azkenengo laurdenaren hasieran apurtuz. Bilbotarrak indarrik gabe geratu ziren baskonisten saskiratzeei erantzuteko, eta Mrsicek zonakako defentsa agindu zuen arren, horrek ez zuen Martinezen mutilen puntu pilaketa eten. Horren lekuko alderik handiena amaieran eman zela, 94-71.

21 puntu lortuta, Mumbru izan zen beltzezko gizonetan onena. Berarekin batera, Fischer eta Redivok 10na puntu lortu zituzten (brasildarrak 5 errebote eta 4 asistentzia batu zituen bere estatistikara). Norgehiagoka txukuna jokatu zuten beste batzuk Todorovic (8 puntu, 3 errebote eta 4 asistentzia), Gladness (8 puntu eta 7 errebote) eta Hervelle (ligan jokatzen zuen 450. lehian 7 puntu eta 6 errebote lortu zituen).

Baskoniaren baitan sei jokalarik zenbaki bikoitzak lortu zituzten: Janning (20; 7tik 6 hiruko eta biko bat saiakera batetik), Jones, Shengeila (12na puntu), Timma, Huertas (11na) eta Voigtmann (10).

Ligan Estudiantesen kontra jokatu aurretik (igandean eguerdiko 12:30ean), asteazkenean Partizani egingo dio bisita Bilbao Basketek Eurocupeko aukera apurrak bizirik mantentzeko (20:00etan ETB1).